Iruñea aurrekontu gabe uztea egotzi dio Asironek Aranzadiri

EH Bilduk, Geroa Baik eta Ezkerrak akordioa lortu arren, Aranzadi abstenitu egin da, eurek jarritako baldintza bat bete ez dela arrazoituta
Joseba Asiron Iruñeko alkatea, atzo.
Joseba Asiron Iruñeko alkatea, atzo. JESUS DIGES / EFE

Joxerra Senar -

2019ko urtarrilak 12
Uztailean hautsi egin zen udal gobernua, eta, orain, 2019ko aurrekontuak ez dira onartu. Herenegun, arratsaldetik gauerdira iraun zuen bilkura batean, EH Bildu, Geroa Bai eta Ezkerraren 11 zinegotzien botoek ezin izan zieten aurre egin UPNren eta PSNren hamahiru zinegotziei. Aranzadiren abstentzioa erabakigarria izan zen. Atzo, «aldaketatik kanpo geratzea» eta UPN eta PSNrekin bat egitea aurpegiratu zien Aranzadiri Joseba Asironek. Iruñeko alkatearen ustez, «zaplazteko politikoa eman» nahi izan dio EH Bilduri. Aranzadik, berriz, salatu zuen eurek jarritako baldintza bat ez zuela bete udal gobernuak: «Ez zen gehiegizko eskaera».

Aurrekontuak ez onartzeak ondorio zuzenak izango ditu hirian, hainbat proiektutan inbertitzeko 26 milioi gutxiago izango baititu. Asironen arabera, aurrekontuek balio zuten aurreko hiru urteetan egindako lanari eta garatutako proiektuei bultzada emateko. Haren iritziz, alderdien arteko negoziazioak «neketsuak eta gogorrak» izan dira, eta EH Bilduk, Geroa Baik eta Ezkerrak amore eman zieten euren baldintzetako batzuei.

Akordioak Aranzadiren aldarrikapen nagusiak jaso zituen —Emakumearen Etxea eraikitzea eta bidegorri sarea zabaltzea—. Halaber, Geroa Baik uko egin zion Alde Zaharrean —Unzu saltoki ohiaren eraikinean— ostatu erraldoi bat eraikitzeari. Alta, Asironen arabera, gai horretan Aranzadi «tematu» egin zen, eta presio egin zuen alde zahar osoa «gainezka den eremu» deklaratzeko. Horrez gain, Asironen arabera, bederatzi milioiko «baldintza berriak» jarri zituzten, «zer beste diru sailetatik kendu behar zen azaldu gabe».

Akordiorik gabe eta behin aurrekontuak atzera botata, osoko bilkura berean, alde zaharreko apartamentu turistikoei eta hotelei buruzko araudia bozkatu zuten. Geroa Baik aurkeztutako zuzenketa batek ahalbidetu zuen edozein eraikin bloketan ostatu bat eraikitzea haren %25 gainditzen ez badu. UPNk alde bozkatu zuenez, aurrera atera zen, eta horrek bide eman zion Unzuren eraikineko ostatuari.

Horrek argudioa eman zion Aranzadiri abstentzioa justifikatzeko. Laura Berro hautetsiaren arabera, udal gobernuak «espekulazioari mesede egin dio», alde zaharreko bizilagunen iritzia kontuan hartu gabe. Armando Cuencak Asironi erantzun zion «zaplaztekoa auzoari» eman diotela, «beharbada ez delako ausartzen zaplaztekoa ematera aspaldi eman behar zionari, Geroa Bairi». Cuencaren ustez, «aldaketatik at» geratu dena Geroa Bai izan da, Maravillas gaztetxearen hustean izan duen jarrera dela eta.

Uztailean, Asironek udal gobernutik bota zituen Aranzadi eta Ezkerra, leialtasun falta egotzita. Asironen ustez, «haserrealdi batek ez luke azaldu behar hiriari tamaina horretako kolpea jotzea». Gogora ekarri zuen Ezkerra gai izan dela akordio bat egiteko, eta Aranzadi, berriz, «erregimenak behar zuen gehiengoa» izan dela.

Ezkerrak dei egin zien lau alderdiei «zauriak sendatzeko» lan egitera. Ahal Dugu-k, berriz, Aranzadiren «jarrera hertsi arduragabea» kritikatu zuen, inbertsioak gelditzeagatik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna