Koronabirusa

Lehen arreta «indartuko» dutela iragarri du Sagarduik

Jaurlaritzako Osasun sailburuak aitortu du pandemiaren bilakaera «oso kezkagarria» dela. Batzorde Epidemiologiko bat sortuko dute

Gotzone Sagardui Jaurlaritzako Osasun sailburua, atzo, legebiltzarrean. IREKIA.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2020ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Koronabirusaren pandemiari aurre egiteko neurriek ardaztuko dute Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren jarduna hurrengo lau urteetan. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak legegintzaldirako lan ildoen berri emateko agerraldia egin zuen atzo Eusko Legebiltzarrean, eta helburu nagusien artean jarri zuen lehen mailako arreta «indartzea». Horretarako, besteak beste, langile kopurua handitu egingo dutela esan zuen; mediku eta erizain gehiago kontratatuko dituztela. Ez zuen zehaztu, ordea, zenbat langile izango diren. Era berean, iragarri zuen Osakidetzaren Asistentzia Sanitarioko Zuzendaritzaordetza sortuko dutela, lehen mailako arreta integrala hobetzeko, eta handitu egingo dutela lehen arretako medikuek eska ditzaketen proba diagnostikoen kopurua, gaixoek ospitalera joan beharrik izan ez dezaten.

«Koronabirusaren pandemiaren tamainako erronkarik ez du sekula izan osasun sistema publikoak». Osasun egoeraren larritasunaz ohartarazi zuen Sagarduik, azpimarratuz koronabirusaren azken asteotako bilakaera «oso kezkagarria» dela. Aitortu zuen«aurreikus zitekeen egoerarik okerrena» dagoela oraintxe, eta osasun sistema «tenkatzen» ari dela. Jaurlaritzak hartutako neurrien inguruko autokritikarik egin gabe, herritarrei egotzi zien egoeraren erantzukizun nagusia: «Ez gara kapaz izan birusarekin elkarbizitzeko, gehiegi lasaitu gara». Hala ere, esan zuen gobernuak bere esku dagoena egingo duela: «Eusko Jaurlaritzak eskura dituen baliabide material eta pertsonal guztiak jarriko ditu birusa gehiago heda ez dadin».

Besteak beste, nabarmendu zuen aztarnari sarean 600 lagun baino gehiago ari direla lanean, eta martxoan izurria hasi zenetik milioi bat PCR baino gehiago egin direla, hau da, hamar biztanletik lauri egin zaiela testa. Halaber, enplegua eta lan baldintzak egonkortzea xede, iragarri zuen 14.000 lanpostuko lan eskaintza publikoa egingo dutela eta langileen lan baldintzen akordioa «berrikusiko» dutela. Martxan jarriko dituzten egitasmo berrien artean, berriz, hauek aipatu zituen: Osasun Behatoki bat martxan jarriko dela euskal gizartearen osasuna ebaluatzeko, eta EAEko Batzorde Epidemiologiko iraunkor bat eratuko dutela, Osakidetzaren politikak Europako gidalerroekin bateragarriak izan daitezen.

Osasun Sailaren batzorde berri horri buruzko argibide gehiagorik apenas eman zuen Sagarduik agerraldian, nahiz eta oposizioko taldeek hala eskatu. Izan ere, oposizioak Osasun Sailari egotzi zion «alde batera» uztea 2016an sortutako Gaixotasun Infekzioso Berrien Aholku Batzordea, eta hura ordezkatzeko sortzea Batzorde Epidemiologikoa orain.

Eredu publikoa eta pribatua

Sagarduik nabarmendu zuen Jaurlaritzako Osasun Sailak egindako «ahalegina» handia izan dela pandemia hasi zenetik, eta datuak eman zituen: 338 milioi euro gastatu dira osasun krisiari aurre egiteko; horietako 83 milioi langileen nominak ordaintzera bideratu dira, eta 119 milioi osasun produktuetara. Halaber, adierazi zuen Osakidetzako langileen kopurua %8,3 handitudela urtebetean, eta iaz baino 3.000 langile gehiago daudela.

Osasun sistema publikoaren aldeko apustua ere egin zuen Osasun sailburuak, eta azaldu zuen inbertsio handiagoarekin eta lanpostu berriekin indartuko dutela. Alabaina, erantsi zuen eredu publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza «bateragarria» dela, emaitzak onak ekartzen dituela eta haren aldeko apustua egiten segituko dutela: «Hemen ez dago inor sobera».

EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk zehaztasunik eza aurpegiratu zioten sailburuari, eta pandemiak agerian utzi dituen «egiturazko arazoei» konponbideak emateko eskatu zioten. EH Bilduko Rebeka Uberak «neurri tinkoagoak» eta lehenengo olatuko parametroak «aldatzeko» eskatu zion Osasun Sailari. Elkarrekin Podemoseko Jon Hernandezek salatu zuen Osakidetzako ereduaren «gabeziak» azaleratu dituela izurriak. PPko Laura Garridok «zehaztasunik eza» aurpegiratu zion Sagarduiri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.