Koronabirusa

177 gaixo daude ZIUan

Beste 77 lagun erietxeratu dituzte gaitzarekin Hego Euskal Herrian. Proba positiboak %4,8 izan dira azken datuetan, 641 kasu atzemanda

PCR probak egiteko baheketa, Zaldibarren (Bizkaia). JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2021eko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, 641 positibo atzeman ziren herenegun Hegoaldean egindako testetan. PCR probak eta antigeno testak aintzat harturik, 13.229 proba egin zituzten Osakidetzak eta Osasunbideak asteazkenean, eta %4,8 izan zen positiboen ehunekoa.

Herrialdez herrialde, Bizkaian 341 positibo izan ziren; Gipuzkoan, 133; Araban, 81, eta Nafarroan, berriz, 78. Bezperako datuen aldean, egun bakarrean zenbatutako kasu kopuruak Hegoaldeko lurralde guztietan egin zuen gora. Dena dela, horietan guztietan azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko intzidentzia tasa etengabe ari da apaltzen otsailaren 1etik, transmisioaren beherako joeraren isla.

Era berean, Hegoaldeko ospitaleei dagokienez, presioa arintzen ari dela erakusten dute azken bi asteetako datuek. Hala eta guztiz ere, azken hamalau egunetako batezbestekoa eguneko 74 lagun ospitaleratu da Hegoaldean, eta, osasun agintariek atzo emandako datuen arabera, herenegun 77 pertsona sartu zituzten erietxera. Nafarroan ospitaleratutako bederatzietatik hiru ZIUetara eraman zituzten.

Hala, egoeraren larritasuna agerikoa da oraindik ere. Osakidetzak eta Osasunbideak emandako azken datuen arabera, guztira 177 lagun daude ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan Hego Euskal Herrian; 500 daude gela arruntetan erietxeraturik.

20 udalerri eremu gorrian

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eremu gorriko herrien zerrenda eguneratu du Osasun Sailak. Azken datuen arabera, eremu gorrian daude Barrika, Berango, Bergara, Bermeo, Derio, Elgoibar, Getxo, Gorliz, Gueñes, Lantaron, Lemoiz, Lezama, Loiu, Mendaro, Oñati, Plentzia, Santurtzi, Urduliz, Sopela eta Zamudio. Astelehenean egindako eguneraketatik hamabi herri atera dira eremu gorritik, intzidentzia tasa apalduta; horien artean da Bilbo. Egun, hiriburu guztiak daude zerrendatik kanpo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.