Koronabirusa

Birusaren mugak zeruan

Estatuetan sartu eta irteteko baldintzek eta irizpideek guztiz itxuraldatu dute hasi berri den Aste Santu hau; opor giroko mugimendua nabarmen apaldu da, esate baterako, aireportuetan. Ezohikoa da ia dena.

Loiuko aireportuko irudi bat. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Maria Ortega Zubiate
Loiu
2021eko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Aste Santua parez pare, Loiuko aireportuan (Bizkaia) ezohikoa da ia dena. Gehiago dira kanpoan zain dauden taxi eta autobus gidariak, bidaiariak eurak baino. Helduko diren hegaldiak iragartzen dituen karteldegiak lauzpabost leku izen baino ez ditu idatziak, gehienak Espainiakoak. COVID-19a hesitzeko jarritako neurriek joan-etorriak murriztea izan dute helburu nagusi, eta hori igartzen da Hego Euskal Herrira hurbiltzen den bidaiari kopuruan; 2019an baino %77 hegaldi gutxiago helduko dira aurtengo Aste Santuan Loiura, AENAko datuen arabera.

Pertsona bakar bat dago helduko diren hegaldien bankuan jarrita, Alejandra: Perutik heldu berri, Madrildik pasatuta. Familia arrazoiak tarteko joan behar izan du jatorrizko herrialdera. Hara sartzeko gero bueltatzeko baino irizpide «zorrotzagoak» bete behar izan zituela iritzi dio: 72 ordu lehenago egindako PCRaz eta bere datuak jasotzen dituen galdetegi bat betetzeaz gain, herrialdean izango zuen helbidea ere eskatu zioten.

Bueltan Espainiako administrazioak ezarritako irizpideei atxikita, PCR proba bat eskatu diote, eta galdetegi bat bete behar izan du, positibo den inorekin ez dela egon ziurtatuz. Gainera, ausazko antigeno test bat egin zioten han.

Loiun, berriz, ez du inolako kontrolik pasatu edo ziurtagiririk erakutsi behar izan, Madrildik baitzetorren, eta Espainiako Gobernuak ez baitu mota horretako kontrolik ezartzen estatu barruko lekualdaketetarako. Bai, ordea, Europako Batasuneko gainerako estatuetarako. Izan ere, Europako Batzordeak Schengen eremuan dauden estatuen arteko mugak zabalik mantentzea gomendatu du, «mugimendu askatasuna» bermatzeko; eta estatu bakoitzak bere irizpideak jarri ditu nazioarteko bidaiariei eskatu beharreko tramiteei dagokionez.

PCR eskaerak

Espainiako administrazioak PCR negatibo bat izatea eskatzen die bidaiariei, eremu gorrian dagoen EB Europako Batasuneko herrialde batetik badatoz. Horrez gain, galdetegi bat bete behar dute; beren datu pertsonalak jartzen dituzte bertan, eta datu horiekin eratzen den QR kodea erakutsi behar dute beren jatorrizko aireportuan eta helmugakoan. EBtik kanpoko bidaiariek beren bidaiaren arrazoia frogatu beharko dute. Bakartzeak, berriz, egoera epidemiologiko oso larrian dauden herrialdeetatik datozenei baino ez dizkiete eskatzen: Hegoafrika edo Brasil, kasurako.

Loiun Europako Batasuneko hegaldiak baino ez badaude ere, beste edozein herrialdetako jendea ere sar daiteke estatu barruko hegaldien bidez, eta badago Hego Euskal Herria penintsula osorako ate gisa ikusten duenik ere. Francisco lehenengoa da taxiek eratu duten ilaran, eta, bizi izandakoagatik, uste du Euskal Herrira heltzen diren bidaiari askok inguruko erkidegoetara joatea dutela helburu. Horiek horrela, esplikatu du aireportura heldutako bidaiari asko eraman dituela, adibidez, Asturiasera edo Kantabriara (Espainia), erkidegoen arteko mugak itxita egonda ere. Frantziako administrazioak ezarritako irizpideek badituzte ñabardurak. EBko biztanleek PCRa, deklarazioa eta zazpi eguneko bakartzea egin beharko dituzte, eta batasunetik kanpokoak ezingo dira sartu, «ezinbesteko arrazoiengatik» ez bada. Frantses herritartasuna dutenek ez dute bakartu beharrik izango, EBko estatu batetik helduz gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.