Erizainak hautatu ahal izango direla eta, eztabaida erdira

Aurki, Osakidetzak aukeratzeko modua jarriko du; Osatzen-en aburuz, ez da «lehentasuna». Erizainen elkarteek aspaldiko eskaera dute

arantxa iraola
2019ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Zein erizainek eta emaginek artatuak izatea nahi duten hautatzeko era izango dute aurki pazienteek Osakidetzako lehen mailako arretako osasun zentroetan; horretarako araubidea ontzen ari da Osasun Saila. Aldaketa horren harira, txinpartak eragin zituen iritzia plazaratu zuen lehengo astean Osatzen Familia eta Komunitateko Medikuen Euskal Elkargoak ohar batean. «Ez dirudi egun lehentasuna denik», zioen pasarteetako batean. Arrangura eragin du erizain askoren artean. Izan ere, medikua hautatzeko aukera bermatua dute pazienteek osasun sisteman, eta aspaldikoa da erizainen elkarteetan hori bera beren ofiziora zabaltzeko eskea. Gipuzkoako elkargoko presidente Pilar Lekuonaren aburuz, erizainen «autonomia» indartzera dator, eta ona da. Efekeze Euskadiko Familiako eta Komunitateko Erizaintzaren Zientzia Elkarteak prentsa ohar bat zabaldu du iritzi horrexekin: erizainen «estatusa eta ikusgarritasuna» bermatzera dator aldaketa. Elkarteko lehendakariorde Itsaso Martinezen arabera, lehendik ere ikusi dute medikuen partetik jarrera uzkurra antzeko aldaketak direla eta: «Beti badirudi erizainen aldeko zerbait egiten denean esaten dutela ez dela lehentasuna».

Osatzen elkargoko lehendakaria da Gorka Maiz. «Nahigabea» erakutsi du beren hitzek sortu duten ezinegonaren harira. Erizainak hautatzeko askatasunaren kontra ez zutela egin nahi esan du: «Ez dugu uste erizainak era bakanean hautatu behar direnik, ezta medikuak ere; lantaldearen ikuspegia sustatu behar da». Irudipena du plazaratu zuten oharrean ez zituztela behar bezala hautatu hori adierazteko hitzak, eta seguruenera horrek ekarri dituela kritikak. Ontzat du erizainek haien jarduna hauspotze aldera abian duten bidea. «Guztiz medikuaren inguruan ardaztutako sistema batetik gatoz. 'Medikuarenera noa', esaten da. Erizainek rol garrantzitsuagoa hartu behar dute». Betiere, talde lana sustatu behar dela uste du, ordea: lehen mailako osasun arreta ona emateko, medikuek, erizainek eta administrariek elkarlanean jardun behar dutela, eta profesionalen hautaketa «bakartuak» ez duela horretan laguntzen.

Martinen aburuz, ordea, ez dago motiborik esateko erizainak hautatzeko era egiteak talde lana eragotziko duela: «Guk ere defendatzen dugu lehen mailako artarik onena talde txikietan ematen dela». Talde horietan, ordea, lehen lerroan nahi dute, ez inoren gerizpean: «Eta aldaketa honek maila beren jartzen gaitu denok». Argi du: «Erizainok ere erreferente izan behar dugu. Eta pazienteak zein erizain nahi duen erabaki ahal izatea garrantzitsua da». SATSE erizainen sindikatuak ere ontzat jo du aldaketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.