Koronabirusa

Konplitzen ari da murrizketen xedea: jaitsi egin da intzidentzia

Azken 24 orduetan, 601 positibo erregistratu dira, bezperan baino %19 gutxiago. Pirinio Atlantikoetan nabarmen jaitsi da intzidentzia

joxerra senar
2020ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Bigarren olatua apaldu ahala, bilakaera epidemiologikoak denboran atzera egin du Euskal Herrian. Adibidez, Gipuzkoak du azken hamalau egunetakointzidentzia tasarik handiena, baina urriaren amaieratik lehen aldiz 100.000 biztanleko 500 kasutik behera dago; zehazki, 477 kasu ditu batez beste, urriaren 19tik izandako batezbestekorik txikiena. Arabak 100.000 biztanleko 353 kasu ditu, urriaren 26ko egoeraren pare; Bizkaian, berriz, intzidentzia tasa 322 kasura jaitsi da,urriaren 22tik izandako daturik onena. Nafarroan jauzia are handiagoa da, abuztuaren 27ra atzera egin behar delako egungo 221eko batezbestekoa ikusteko. Datuok adierazten dutemurrizketak ari direla betetzen ezarri zirenean jarritako helburuak.

Ipar Euskal Herriko daturik ez badago ere, zeharkako erreferentziek joera bera islatzen dute. Astero legez, atzo Akitania Berriak COVID-19aren bilakaerari buruzko datuak argitaratu zituen. Abenduaren 15era bitartean, konfinamenduak jarraituko du, eta, bere gogorrean, eragina azken hilabetean islatu da argien: azaroaren 2an, aurreko zazpi egunetan 100.000 biztanleko 480ko intzidentzia zuen, eta abenduaren 1ean, berriz, 133koa.

Hegoaldean ez bezala, Akitania Berriak aurreko zazpi egunetako intzidentzia tasa neurtzen du, baina, edonola ere, 3,6 aldiz txikiagoa da abendu hasierako datua. Kontuan eduki behar da Pirinio Atlantikoetan bigarren olatuak igoera handia izan zuela urrian: hilaren 18tik azaroaren 1era 6.230 positibo detektatu ziren; ordura arte pandemiaren hasieratik atzemandako 6.408 kasuak adina, ia-ia.

Eguneko datuei dagokionez, atzo berriro ere beherakada baieztatu zen, aurreko egunean joeran halako geldialdi bat nabaritu ostean. Horrek adierazten du egunetik egunerako datuek gorabehera handiak dituztela. Atzo zabaldutako datuen arabera, 601 positibo detektatu ziren Hego Euskal Herrian, bezperan baino %19 gutxiago. Halaber, azken hamalau egunetako batezbestekoaren (702) nabarmen azpitik geratu zen. Era berean, Jaurlaritzak zein Nafarroako Gobernuak 11.500 PCR eta antigeno proba egin zituzten, eta horietatik %5,2k eman zuten positibo; Osasunaren Munduko Erakundeak mugarritzat duen %5eko langa horretatik gero eta gertuago.

Lurraldeka, ostegunean Araba izan zen kasuak gutxitu ziren lurralde bakarra, eta atzo alderantziz gertatu zen: positiboek %9,5 egin zuten gora, eta 103 positibo atzeman zituzten. Hegoaldeko beste lurraldeetan behera egin zuen: Bizkaian, 208 kutsatu detektatu zituzten, bezperan baino %30 gutxiago; Gipuzkoan, 205, aurreko egunean baino %15 gutxiago, eta Nafarroan 82, %29 gutxiago. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, kasuen %61 Iruñerrian atzeman dituzte, %10 Lizarrerrian eta %6 Erriberan.

Arrasaten, 1.500eko tasa

Intzidentzia tasak behera egin arren, oraindik egoera kezkagarria dute hainbat herritan. Adierazgarriena Arrasate da. Azken hamalau egunetan, batez beste 100.000 biztanleko 1.500 kutsatu ditu. Nahiz eta kopuru horietara ez heldu, beste hainbat herritan 500 kutsatutik gorako intzidentzia maila dute: esaterako, Arrigorriagan, Aretxabaletan, Ermuan, Bergaran, Deban, Donostian, Eibarren, Elgoibarren, Ondarroan eta Ordizian.

Nafarroako Gobernuak atzo eta aurreko egunetan jakinarazi gabeko bost heriotzen berri eman zuen. 84 eta 92 urte bitarteko hiru gizon eta bi emakume dira hildakoak.

Bilakaera epidemiologikoak apurka ospitaleen gaineko presioa arindu badu ere, oraindik handia da, eta ezin da ahaztu neurrien azken helburua osasun sistema babestea dela. Oraintxe bertan, Osakidetzako eta Osasunbideko ospitaleetan 599 eri daude, bezperan baino sei gutxiago. ZIUn, zehazki, 159 lagun daude uneotan, ostegunean baino bi gehiago.

Pirinio Atlantikoak departamenduan, berriz, 250 herritar daude ospitaleratuta horietatik 17 suspertzeko unitatean, ZIUko oheetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.