Koronabirusa

Zazpigarren egunez, 1.200 positibo baino gehiago atzeman dituzte Hegoaldean

Kutsatzeen datuak handiak dira oraindik, baina hasia da beheranzko joera antzematen. 91tik 89ra jaitsi dira eremu gorrian dauden udalerriak

RAUL BOGAJO / @FOKU.
Ion Orzaiz.
2021eko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Datuak hasiak dira pixkanaka apaltzen, baina kurba altuegi dago oraindik. Beheranzko joera baten hasiera antzeman daiteke COVID-19aren intzidentzia metatuaren grafikoan, eta baita ospitaleratzeen kopuruetan ere herrialde batzuetan beste batzuetan baino argiago. Irudi nahasiagoa eskaintzen dute egunetik egunera detektatzen diren positiboek, zerra baten hortzen gisakoa: gora eta behera. Atzo, gorantz egin zuten berriz: 1.249 positibo atzeman zituzten Hego Euskal Herrian, asteazkenean eginiko PCR eta antigeno probetan. Zazpi egunez jarraian gainditu da 1.200 positiboren langa. Erritmo horretan, kostako da egoera onbideratzea.

Bezperan baino proba gutxiago egin zituzten asteazkenean Osakidetzak eta Osasunbideak (18.907), eta positibo gehiago atzeman; hortaz, positibotasun tasa ere igo egin da apur bat, %6,6raino. Herrialdeka, 144 kasu atzeman zituzten Araban, 544 Bizkaian, 320 Gipuzkoan eta 229 Nafarroan. Azken herrialde horretan nabaritu zuten igoerarik handiena, aurreko eguneko datuekin alderatuta.

Azken hamalau egunetan metatutako intzidentziaren kurbak, berriz, beheranzko joera argia du Nafarroan (445 kasu 100.000 biztanleko) eta apur bat lausoagoa Bizkaian (706). Ikusteko dago apaltze hori nabaritzen hasiko den Araban (658) eta Gipuzkoan (589) ere.

Ospitaleratzeen kopuruak ere behera egin du. Oraintxe bertan, COVID-19agatik ospitalean daudenen kopurua txikiena da igandeaz geroztik: 907 paziente daude Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako erietxeetan eta, horietatik, 187 larri daude ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan.

Bestalde, COVID-19arekin lotutako hiru heriotzaren berri eman du Nafarroako Gobernuak: atzo hildako 87 urteko gizonezko bat, eta aurreko egunetan zendutako 90 urteko emakumezko bat eta 85 urteko gizonezko bat.

89 udalerri eremu gorrian

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak eguneratu egin zuen azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko 500 kasu baino gehiago dituzten udalerrien zerrenda. Oraintxe 89 udalerri daude zerrenda horretan (bi gutxiago).

Gune gorritik atera dira Arantzazu, Ermua, Gamiz-Fika, Gautegiz Arteaga, Gordexola, Iruña-Oka, Irura, Jatabe, Legutio, Lemoa, Mendaro, Mendexa, Meñaka, Ordizia, Zestoa eta Ziortza-Bolibar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.