Diputazioak emandako ratioak ez direla zuzenak esan dute langileek

ELA sindikatuak batuta, hitza hartu dute Gipuzkoako zahar etxeetako hainbat langilek, berriz ere

ELA sindikatuak atzo egindako agerraldian, langileen ordezkariak. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Oihane Puertas Ramirez.
Donostia
2021eko urriaren 9a
00:00
Entzun
Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak aste honetan ziurtatu du Gipuzkoako zahar etxeetan langileen ratioa 0,5 dela, hau da, bi egoiliar daudela langile bakoitzeko. Adierazpen horien harira, ELAk agerraldia egin zuen atzo, emandako datuak ez direla «zuzenak» argitzeko. Langileen ordezkari Aintzane Orbegozok esan zuenez, indarrean dauden ratioak kontuan harturik, hamahiru egoiliar daude langile bakoitzeko: «Argi dago datu hauek ez dutela zerikusirik Olanok emandakoekin».

Gipuzkoako zahar etxeetako langileek lehengo astean adierazi zuten arta eskasarekin lotutako arazoak ohikoak izaten direla egoitzetan. Salaketen oinarrian, Donostiako Txara I zahar etxean ikuskatze batean atzemandako arazo bat dago: hamalau ordu jan gabe eta ohean eduki zituzten egoiliarrak. Albiste hori zabaldu eta gero, Gipuzkoako diputatu nagusiak Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean, «unean uneko kasuetara» mugatu zuen arazoa, eta ELAri eskatu zion zahar etxeetako langileen lana «ez zikintzeko». ELAk, ordea, berretsi nahi izan du ez zituela datuak asmatu, eta foru dekretuan oinarrituak direla. Izan ere, Aldundiaren 38/2007 foru dekretuaren arabera, Gipuzkoako erabiltzaile bakoitzak batez beste 111 minutuko zuzeneko arreta izaten du, eta, diputatu nagusiak emandako datuak «egia izanez gero», egoiliar bakoitzak 720 minutuko zuzeneko arreta jaso behar luke. Horretarako lantaldea %650 handitu behar litzateke.

Horrez gain, Olanok adierazitako ratioak betetzen ez direla argudiatzeko, zahar etxeetako zenbait langilek beren egoitzetako egunerokoa azaldu zuten atzoko agerraldian. Lehengo astean egin zuten agerraldian ere hori bera egin zuten, eta egoera gogorrak deskribatu zituzten. Ana Sastre, esaterako, Donostiako Txara II egoitzako langilea da, eta atzo kontatu zuen goizean goiz sei egoiliar aritzen direla langile bakoitzeko batez beste; arratsaldean, hamabi, eta gauean, 40.

Datuak eta adibideak kontuan hartuta, ELAk adierazi du «ulergaitza» eta «oso larria» iruditzen zaiola diputatu nagusiak ratioei buruz esandakoa, eta «kontraesana» dela foru dekretuan azaltzen denarekin konparatuta. Gaineratu du «errespetu falta» iruditzen zaiola sindikatua langileen lana «zikintzen» ari dela adieraztea, langileek eman baitiote «legitimitatea» ELAri hauteskunde sindikalen bidez: «Datu okerrak baliatuz, langileen alde agertu nahi du, eta sindikatuari leporatzen dio profesional horien lana zikintzeko asmoa». Horrez gain, sindikatuak aldundiari leporatu dio «sistematikoki» langileen ahotsa entzuteari «muzin» egitea. Berriz eskatu diote bilera bat.

Aldundiaren erantzuna

Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko eledunak komunikatu batean adierazi duenez, ELAko ordezkariek ahaleginean segitzen dute Gipuzkoako zaintza ereduari «kalte egiteko». Mendozak, gainera, sindikatuari eskatu dio egoitzetako lan gatazka bere «interes sindikal eta politikoen mesedetan» erabiltzeari uzteko. Bozeramaileak azaldu duenez, adinekoek, haien senideek eta egoitzetako langileek ez dute merezi «ongizate sistemaren oinarrietako bat lokaztu nahi izatea», eta «manipulazio eta asmakeria interesatuak» zabaltzeari uzteko eskatu du. Ratioei dagokienez, arrazoia eman dio Mendozak Olanori, eta ziurtatu du ezen, indarrean dagoen dekretuaren arabera, zuzeneko arretarako ratioa 0,505 dela: bi egoiliar langile bakoitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.