Foro Sozialak uste du «atzera» egin dela estatuaren biktimekin

jon olano
2021eko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Foro Soziala «kezkatuta» agertu da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan estatuaren indarkeriaren biktimen trataeran gertatzen ari den «atzerakadarekin»: «Nahiz eta zenbait akordio instituzionaletan islatzen diren adostasun politikoek agerian uzten duten adostasun politiko zabala dagoela biktima horien aitortzarako, azken asteetan ugaritu egin dira adostasun hori nahasten ari diren elementuak».

Zehazki, «estatuaren biktimentzako bidezko tratua bilatzea oztopatzen duten erabaki judizialei» egin die erreferentzia Foro Sozial Iraunkorrak, baina baita biktima horiek agertutako kezka edo eskaeren aurrean «arduradun politikoek emandako tratamendu desberdinari» ere. Beraz, nabarmendu du horrelako jarduerek «zaildu» egiten dutela «etorkizuneko bizikidetza demokratikorako pausoak ematen jarraitzea, Estatuko biktimak birbiktimizatzen, desberdin tratatzen eta kategorizatzen jarraitzen dutelako».

Foro Sozial Iraunkorraren iritziz, «behin betiko gainditutzat» zuten «umiliazio egoera itzuli» egin da, eta eragile instituzional eta politikoei eskatu die gogoeta egiteko «bakea eraikitzeko prozesuaren une honetan bete behar duten zereginaren inguruan», besteak beste, «biktimak birbiktimizatzea» eragozteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.