Zauria egin, eragiteko

«Gazteen kontrako jazarpen politikoa» izan dute hizpide Leioako unibertsitatean egindako mahai inguru batean; hizlarien ustez, errepresioa «bide berriak» jorratzen ari da.
Maddi Altuna moderatzailea, Valdor, Sienra, Arzuaga eta Fernandez.
Maddi Altuna moderatzailea, Valdor, Sienra, Arzuaga eta Fernandez. G. RUBIO / FOKU

Gotzon Hermosilla -

2018ko abenduak 11
Ezker abertzaleko lehenengo gazte erakundea sortu zenetik berrogei urte beteko direla gogorarazteko, hainbat ekitaldi antolatuko dituzte Ernai eta Aitzina gazte erakundeek datozen hilabeteetan. Egunotan, esaterako, «gazteon memoriaren astea» egiten ari dira Lehenengo pertsonan eta pluralean goiburupean, gazte mugimenduaren ikuspegitik azken berrogei urteotako historia aletzeko. Errepresioaz hitz egiten hasi dute astea: Gazteriaren eta disidentziaren aurkako jazarpen politikoa atzo eta gaur izeneko mahai inguruan, hizlariek aztertu dituzte estatuak erabilitako jazarpen motak, horien bilakaeraz gogoeta egin dute, eta bat etorri dira gazteengan zauriak eraginez politikoki eragitea izan dela estatuaren xedea berrogei urte hauetan.

David Fernandez kazetari eta CUPeko kideak 1978. urtera egin du atzera, gaur egungo jazarpen politikoaren sustraiak «trantsizioaren mitoan» aurkitu nahian. Esan duenez, trantsizioa «beldurrean, mehatxuetan eta frankismoaren jarraipenean» oinarritu zen, eta ostean erabilitako filosofia frankismoan erabilitako bera da: «herritarrak barne etsaitzat jotzea, eta desadostasuna, delitu gisa».

Fernandezek esan duenez, frankismoaren garaitik datorren jokamolde hori larriagotu egin zen Euskal Herrian 1998tik aurrera, Jose Maria Aznar Espainiako gobernuburuaren agintaldian eta Egin egunkariaren itxierarekin batera. Eta azken urteotan beste fase batean sartu da, Espainian krisiaren ondorioz antolaturiko prostesta eta, batez ere, Katalunian iazko urriaren 1ean erreferenduma galarazteko egindako oldarraldien ondotik.

«Errepresioaren inpunitatea» ere berrogei urteotako ezaugarria izan dela esan du Fernandezek, «eta horrek berdin balio du urriaren 1eko errepresiorako, GALerako eta tortura kasuetarako». «Errepresioa gogorra da, baina ez da garaiezina», erantsi du, eta horren kontrako tresnak ere zerrendatu ditu: herriaren «aktibazioa», elkartasun sarean egindako lana eta «alternatibak» eraikitzea.

Julen Arzuaga abokatu eta EH Bilduren legebiltzarkidearen aburuz, hiru etapa izan ditu gazteen kontrako errepresioak. Hasieran, gazteen jarduera «irentsiezina» zen estatuarentzat; horrek «errepresio bortitzarekin» erantzuten zuen, eta erantzun bortitz horrek ere «legitimatu» egiten zuen gazteen jarduna. Baina bigarren fase batean, estatua hasi zen bere kontrako zenbait jarduera, batez ere bortxazkoak, «barne legitimaziorako» erabiltzen. Horretarako, «etsaia eraiki» egin behar izan zuen —«kale istiluak» zirenak «terrorismo» bilakatuz—, eta «etsaiaren zuzenbidea» ezartzeaz gain, «lagunaren zuzenbidea» ere erabili zuen errepresioarekin nahasitakoak errugabetu edo saritzeko.

Egun, Arzuagaren iritziz, estatuak garatu du «zilegitasuna irabazteko gaitasuna», eta totalitarismoak «modu leun eta gozoak» erabiltzen ditu disidentzia- ren kontrako borroka «eraginkorra» izan dadin. «Horregatik da oso garrantzitsua zer tresna eta bitartekoak erabiltzen diren estatuaren kontrako borrokan eta, aldi berean, totalitarismo sofistikatu horren tresnak ondo identifikatzea».

ZEN planetik sarekadetara

Irati Sienra Ernaiko militante ohiak azterketa kronologikoa egin du, Jarrai erakundearen garaian ZEN plana indarrean jarri zutenetik legez kanporatze, sarekada eta makrosumarioen garairaino. Baina, batez ere, Segi legez kanpo utzi osteko eta Ernairen hastapenetako bizipenetan zentratu da. Esan duenez, sarekaden eta legez kanporatzeen estrategia horrek «ondorio politikoak» eragin zituen —gazte erakundeen ezintasunak lan politikoa egiteko—, baina maila pertsonalean ere «zauriak» sortu zituen: ehunka gazte noiz atxilotuko zituzten bizi beharra, bizimodua kartzelaren inguruan antolatzea, beldurra, militantzia utzi nahi zutenen auzia, erru sentimenduak eta abar.

«Horrek belaunaldi oso bat markatu zuen», esan du Sienrak, «zauri asko eragin zituen, baina horretaz ez dugu inoiz hitz egin. Ezin izan ditugu zauri horiek sendatu». Horregatik, «konfiantzazko guneak» sortzea proposatu du, «gure artean horretaz hitz egin ahal izateko».

Ernaiko kide Xabier Valdorrek hainbat gako eman ditu jazarpen politikoak azken hamarkadan izandako bilakaera hobeto ulertzeko. Esan duenez, orain errepresioa «gizabanakoen kontra» bideratzen da, giza multzoen kontra baino gehiago; «ikusezin» bilakatzen saiatzen da; «azkartasuna» erdietsi du; «errepresio ekonomikoak» indarra hartu du; «kontrol sozialerako tresnak» ugaldu dira eta abar: «Errepresioa asko findu da, baina lehen indarrean zeuden neurri errepresiboetako bakar bat ere ez dute indargabetu; horiek berriro erabiltzeko mehatxua hor dago».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna