Koronabirusa

Lehen aldiz, milioi bat lagun kutsatu dira munduan egun bakarrean

Omikronek positiboen gorakada handia eragin du, Europa mendebaldean eta AEBetan batik bat. Kasuen «tsunamiaz» ohartarazi du OMEk

Maite Asensio Lozano.
2021eko abenduaren 31
00:00
Entzun
Egunetik egunera kutsatze datu altuagoak eta harrigarriagoak uzten ari da koronabirusa munduan. Omikron aldaera hedatu ahala, aurreko olatuen goranzko aldapak txiki geratzen ari dira, eta positibo berrien zifrak egunero ari dira bezperako markak hausten, batez ere Europako mendebaldeko herrialdeetan eta Amerikako Estatu Batuetan. Atzo, pandemia hasi zenetik lehen aldiz, egun bakarrean milioi bat kutsatze baino gehiago erregistratu ziren munduan; ia milioi erdi izan zituzten AEBetan.

Koronabirusaren berri lehenbizi izan zenetik justu bi urtera gainditu da langa hori. 2019ko abenduaren 31n, Txinako osasun erakundeek jakitera eman zuten hogei pneumonia kasu atzeman zituztela Wuhan hirian agertutako birus ezezagun baten ondorioz. 2020ko otsailaren 11n, COVID-19 izena jarri zion OME Osasunaren Mundu Erakundeak; handik hilabetera, pandemia hasitzat jo zuen ofizialki. Ordutik, mundu osoan 280 milioi pertsona kutsatu dira koronabirusarekin, eta bost milioi baino nabarmen gehiago zendu dira. Bidean txertoak garatu dira, eta immunizazioan urrats esanguratsuak egin dira herrialde aberastuetan batez ere, baina, azaro amaieran detektatu zutenetik, omikronek hankaz gora jarri du berriro mundua.

Bereziki erraz eta azkar transmititzen da aldaera hori, eta, hasierako ikerketen eta datuen arabera, sintoma eta gaixotasun arinagoak eragiten dituen arren, osasun sistemak gainezka egiten ari dira, positibo guztiei jarraipena egin ezinda, eta beste oinarrizko zerbitzu batzuetan ere trabak dituzte jada. Izan ere, OMEren datuen arabera, COVID-19 kasuak %11 igo ziren joan den astean, omikronen kolpearen ondorioz: abenduaren 20tik 26ra, 4,9 milioi positibo atzeman ziren planetan, ia zazpi hilabetetan izandako kopururik handiena. Dena den, heriotzak antzera mantendu ziren kopuruan, baina behera egin zuten proportzioan: 44.000 pertsona hil ziren, aurreko astean baino %4 gutxiago.

Urte amaierarekin lotuta, mezu gazi-gozoak igorri ditu OMEk azken egunotan. Batetik, omikronek eragingo duen kutsatze «tsunamiaz» ohartarazi du Tedros Adhanom Ghebreyesus zuzendariak: «Osasun sistemak kolapsatzear daude, eta langileak, leher eginda; horrek presioa areagotuko du». Bestetik, ordea, itxaropentsu agertu da 2022ra begira, pandemiaren «etapa akutua» amai daitekeelakoan. Ildo horretan, osasun larrialdietarako zuzendari Mike Ryanek zehaztu du birusa ez dela desagertuko, baina litekeena dela «transmisio maila baxuago batera jotzea eta tarteka agerraldiak eragitea txertatu gabeko populazioan».

Txertoen banaketa

OMEk gogora ekarri du, ordea, egoera endemiko hori oraindik ez dela iritsi, eta nabarmendu du urrats asko daudela emateko; besteak beste, «txertoak berdintasunez banatze aldera». Izan ere, erakundeak ez du bete 2021erako ezarritako helburua: herrialde guztietako biztanleen %40 txertatzea; 92tan ez dira tasa horretara iritsi. Gogor mintzatu da OMEren zuzendaria: «Xede egingarria zen; erdietsi ez izana moralki lotsagarria da, baina gainera, bizitza asko eraman ditu, eta zabaltzeko eta mutatzeko aukera eman dio birusari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.