Pedraz epaileak deklaratzera deitu ditu 11 euskal herritar

Querol epailearen hilketari lotuta ari da haiek ikertzen Auzitegi Nazionala. Arizkurenek uko egin dio Blancoren kasuan deklaratzeari

Mikel Albisu, artxiboko irudi batean. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Iosu Alberdi.
2022ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionaleko Santiago Pedraz epaileak ikertu gisa deklaratzera deitu ditu 11 euskal herritar. Auzitegi Goreneko epaile Jose Francisco Querolen, haren bizkartzain Jesus Escuderoren eta Armando Medina txoferraren hilketei lotuta ari da horiek ikertzen.

Efe agentziaren arabera, aurrez aurre deklaratzera deitu ditu Mikel Albisu, Vicente Goikoetxea, Ramon Sagartzazu eta Iñaki Gracia Arregi preso ohiak. Agentziak Asier Oiartzabal ere aipatu du, baina hura Lannemezanen (Okzitania) dago preso, eta horretarako Frantziaren baimena beharko luke. Gainerakoak Euskal Herriko espetxeetan daude preso, eta bideokonferentziaz deklaratuko dute. Zaballan (Araba) daude Gorka Palacios, Jon Olarra, Ainhoa Mujika, Xabier Garcia Gaztelu eta Marixol Iparragirre, eta Basaurin (Bizkaia) Juankar Iglesias.

Dignidad y Justicia elkarteak jarri zuen 11 euskal herritarren aurkako kereila, eta Pedraz epaileak iazko abenduan onartu zuen tramiterako. Espainiako Poliziari eta Guardia Zibilari informazioa eskatu zien epaileak; besteak beste, atentatua gauzatu zutenean ETAn zeuden aginte egituren berri izateko.

Prozesua Dignidad y Justiciak bultzatutako beste batzuen bidetik doa. Esaterako, Auzitegi Nazionaleko Jose Manuel Garcia Castellon epailea zenbait euskal herritar ikertzen ari da Miguel Angel Blanco eta Gregorio Ordoñez PPko kideen hilketekin eta Santa Polan (Herrialde Katalanak) egindako atentatu batekin lotuta. ETAko zuzendaritzako kide gisa atentatu haietan izan zezaketen esku hartzea ari da aztertzen.

Blancoren hilketaren kasuan, atzo, Josetxo Arizkurenek uko egin zion Iruñeko espetxetik bideokonferentziaz deklaratzeari. Arizkuren behartzeko, auzitegiak Frantziaren baimena behar du. Horretarako, Frantziari eskatu dio baimentzeko hura Espainiaratzeko euroaginduaren arrazoiak zabaltzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.