Paperaren klusterrak iaz 1.041 milioi euroko fakturazioa lortu zuen

Irune Lasa.
2017ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Pasta eta paperaren alorrak 2016. urtea nahiko ondo hasi bazuen ere, ez zuen horren ondo amaitu. Urteko lehen hilabeteetan, Europako merkatua ahul zegoela, papererako pastaren eta energiaren prezio txikiek mesedea egin zieten euskal pasta eta paper ekoizleei. Baina urtearen bigarren erdian, merkatuan ez zen indarberritzerik ikusi; are gehiago, Europaz kanpoko eskaria ere moteltzea izan zen. Eta, bitartean, pasta eta argindarra garestitu egin ziren.

Hain zuzen, bi aldagai horiek dira 2017. urterako kezka nagusiak Paperaren Klusterrarentzat. Argindarraren salneurriak garesti jarraitzen du, eta papera fabrikatzeko lehengai nagusia, pasta, garestitzen ari da, batez ere eukalipto zurarekin egindako zuntz laburreko pasta.

Edonola ere, klusterraren arabera, azken urteetan egindako inbertsioei esker —51 milioi euro iaz— sektoreak dibertsifikatzen jarraitzen du, eta lehiakortasuna irabazten.

Paperaren klusterrarentzat garrantzitsua izan da iazko urtea, bazkide kopurua 21etik 33ra handitu baitu, eta, ondorioz, bere barnean hartu ditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako pasta eta paper ekoizle guztiak. Horregatik ez da horren erraza aurreko urteekiko alderaketak egitea sektorearen emaitzekin.

Klusterreko enpresa guztien fakturazioa 1.041 milioi eurorena izan zen 2016an, eta horren erdia baino gehiago, 555 milioi euro (%53), esportazioak izan ziren. Salmenten %70 pasta eta paper ekoizleek egin zituzten, 727 milioi euro guztira, eta beste %11 paper manipulatzaile eta eraldatzaileek, 117 milioi euro. Iaz 2.229 zuzeneko enplegu zituen sektoreak, eta zeharka, 10.000tik gora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.