Koronabirusa munduan

Agintariak auzitegietan salatzeko sinadurak biltzen ari dira Frantzian

Sinatzaileek agintariei leporatu diete ez hartzea COVID-19ari aurre egiteko beharrezko neurriak

Emmanuel Macron Frantziako presidentea maskara bat jantzita duela, asteartean, Pantingo ospitale batean. GONZALO FUENTES / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Ia lortu du lehen helburua Frantziako agintariei koronabirusaren krisiagatik ardura penalak eskatzeko kanpainak: 150.000 sinadura biltzea. Edizio hau ixterako, 142.000 sinadura baino gehiago zituen bilduak, plaintecovid.fr webgunean. Ekinaldiaren bultzatzaileek salaketa kolektibo bat aurkeztuko dutela iragarri dute, koronabirusaren krisian Frantziako agintariek ez dituztelako «beharrezko neurriak» hartu herritarrak «garaiz» babesteko, «nazioarteko osasun agintariek ohartarazpenak» egin zizkieten arren.

Horrez gain, oposizioak iragarri du ikerketa batzordeak eratzeko eskatuko duela Frantziako Parlamentuan, gobernuaren kudeaketa aztertzeko, egoera baretzen denean. Errepublikanoek eta Alderdi Sozialistak adierazi dute udazkenean aurkeztuko dituztela batzordeak eratzeko eskariak.

Frantziako hainbat hedabidek adierazi dutenez, gobernua kezkatuta dago herri ekinaldiek eta oposizioaren ikuskatze lanek izan ditzaketen ondorioengatik. Le Monde egunkariak argitaratu du halako ekinaldiek «estatuaren jardunari» kalte egin diezaioketela, gobernuaren iritziz, agintariei «presio gehiago» ezartzen dieten «mehatxuak» baitira.

Interneten hedatu den sinadura bilketak ez du argitu oraindik salaketa nori zuzenduko dioten zehazki. «X jaunari edo andereari», dio idatziak. Hala ere, «administrazioko agintarien» ekintzak salatzen dituzte.

Ekinaldiak argi jaso ditu, ordea, salatzen dituen delituak: borondatezko abstentzioa, nahi gabeko hilketa, nahi gabeko indarkeria eta besteen bizitza borondatez arriskuan jartzea.

Herritarren egoeraren araberako salaketak prestatu dituzte. Bata osasun langileentzat, beste bat gaixotu direnentzat eta hirugarren bat koronabirusarekin kutsatu ez direnentzat.

Idatziek nabarmentzen dutenez, agintariek koronabirusari aurre egiteko hartu dituzten neurriek ez dituzte bete OME Osasunaren Mundu Erakundeak eman zituen gomendioak. Bereziki, maskararen erabilerari eta gaixoen atzemate sistematikoa sustatzeari dagozkionak. «Neurri horiek, erlatiboki sinpleak diren arren, pertsona askoren heriotza saihestu dezakete. Beraz, horiek ez hartzea falta bat da administrazioko agintarien aldetik». Salaketak nabarmendu du ez betetzea are larriagoa dela «babesik gabe» COVID-19aren kontrako borrokan «lehen lerroan» aritu diren zaintzaileen kasuan.

Neurri horiek ez hartzea borondatezko erabakia izan da salatzaileen iritziz, agintariek ezagutzen zituztelako OMEk emandako gomendioak eta Txinan edo Hego Korean zer-nolako neurriak hartu zituzten. «Beraz, kausazko harreman bat dago agintari administratiboek hartu beharreko neurrien gabeziaren eta zaintzaileek jasan duten kaltearen artean». Berdin gaixotu diren gainerako herritarren kasuan ere. Gainera, herritarrak arriskuan jartzea leporatu diete, birusaren hedatzearen kontra nahikoa ez egiteagatik.

Oposizioa ez da horren gordin mintzatu, baina argi utzi du kontuak eskatuko dizkiola gobernuari, COVID-19 gaitzari aurre egiteko hartzen ari den neurrien gainean. Damien Abad Errepublikanoen diputatu taldeko buruaren esanetan, beharrezkoa izango da udazkenean ikerketa batzorde bat abian jartzea, «epidemiak utzitako lezioetatik ikasteko». Rachid Temal sozialisten senatari taldeko presidenteordearen esanetan, «gardentasuna» ezinbestekoa izango da «krisia amaitzen denean», «galdera asko» baitaude erantzuteko.

Konfinamendua, luzeagoa

Macronek konfinamendua luzatzeko erabakiaren berri emango du astelehenean, herritarrei zuzendutako hitzaldi batean. Parisek joan den martxoaren 17an ezarri zuen itxialdia. Hasiera batean, apirilaren 15era arte. Baina Eliseoak epemuga hori atzeratu egingo duela baieztatu zuen herenegun. Macronek emango ditu azalpenak astelehenean.

Frantziak 86.300 koronabirus kasu baino gehiago baieztatu ditu, eta 12.200 hildakotik gora. Oraindik ez du lortu kutsatze hazkundearen kurba makurtzea. Gobernuak larrialdirako plan ekonomikoa 100.000 milioi eurora handitzea erabaki zuen atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.