Beste hominido mota bat aurkitu dute Ekialde Hurbilean

'Homo nesher ramla' izena eman diote aurkitutako populazioari. Adituek uste dute gizaki modernoekin batera bizi izan zirela

Homo nesher ramla izeneko gizakiaren arrastoak. ARIEL POKHOJAEV / TEL AVIVEKO UNIBERTSITATEA.
Juanma Gallego.
Gasteiz
2021eko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Mahai gainean dago giza eboluzioaren puzzle korapilatsua osatzeko beste pieza bat. Nazioarteko ikertzaile talde batek ostegun iluntzean Science aldizkarian aurkeztutako datuen arabera,orain arte ezezaguna zen Homo generoko populazio bat bizi izan zen Ekialde Hurbilean duela 120.00-140.000 urte inguru. Aurkeztutako emaitzen arabera, arrasto horiek neandertalen arbasotzat har daitekeen hominido mota bati dagozkio.

Garezur baten arrastoak dira Nesher Ramla izeneko aztarnategian (Israel) aurkitutakoak: garezurraren goiko aldeko zati bat, beheko baraila eta hortz bat.

Ikertzaileek azaldu dutenez, hezur puskak ikusi eta berehala konturatu ziren oso desberdinak zirela orain arte aurkitutako edozein arrastoren aldean. Izan ere, hezurren ezaugarriak ez datoz bat gizaki modernoen hezurrenekin. Aitzitik, neandertalen eta arkaikoagoak ziren hominidoen ezaugarriak antzeman dizkiote aurkitutako garezurrari. Horregatik, eta datazioa eta inguruan aurkitu diren tresna litikoak kontuan hartuta, Homo mota bat dela uste dute adituek: Homo nesher ramla izena eman diote. Gizaki modernoei lotuta agertu ohi diren harrizko tresnekin batera aurkitu dituzte arrastoak, Levallois izeneko teknikarekin landuak.

Garai eta inguru berean zeuden Homo sapiens espezieko gizakiekin batera bizi izan zirelako susmoa dute ikertzaileek, eta litekeena da horien arteko trukaketa kultural eta biologikoa gertatu izana. Proposatu dute gutxienez 100.000 urtez parean bizi izana Ekialde Hurbilean.

Aurkikuntza lagungarria izan daiteke egungo gizakien zuhaitz ebolutiboa argitzeko. Izan ere, paleoantropologoek zailtasun nabarmenak dituzte duela 750.000-125.000 urte inguru zer gertatu zen argitzeko. Tarte horretan, nahasmen handia dago Homo generoko espezieei dagokienez. Aurretik zeuden hominidoei Homo erectus deitu izan zaie, eta Homo sapiens eta Homo neandertalensis agertu bitartean Afrikan eta Eurasian bizi izan ziren hainbat hominido Homo heidelbergensis izenez ezagutu izan dira orain arte, zehaztasun handirik gabe. Asteon aurkeztutako arrastoek, nolabait, hutsune hori argitzen lagundu dezakete. Orain arte finkatuen dagoen jokalekuaren arabera, neandertalak Europan agertu ziren, eta Homo sapiens-ak ondoren iritsi ziren, Afrikatik aterata. Orain, ordea,zera proposatzen dute, aurkitu duten populazioa neandertalen aurrekoa izatea.

Espezie bakarra

Orain arte, ezaugarri morfologiko bereziak zituen arrasto bakoitzari espezie bat atxiki zaio gehienetan, baina gero eta zalantza gehiago daude irizpide horren inguruan. Horregatik, hain zuzen ere, egileek ez dute espezietzat hartu aurkitutako azken arrastoa; horren ordez, Homo mota bati buruz hitz egin nahi izan dute. Hortik datorkio, hain justu, Homo nesher ramla izendapen bitxia. Egile horien irudikoz, giza eboluzioaren ohiko ikuskera aldatu beharra dago, azken urteetan pilatzen ari diren ebidentzien abaroan.

Azken urteetan biderkatu diren analisi genetikoei esker argitu ahal izan da hori guztia; izan ere, fosil arrastoak aztertu dira genetikoki, baita egungo gizakia ere. Analisi horien arabera, egungo gizakiek neandertalengandik jasotako ondare genetikoa ere badaukate, eta horrek esan nahi du hibridazioa izan zela gizaki modernoen eta neandertalen artean, normalean biologian espezietzat hartzeko erabili ohi den irizpidea urratuz: ondorengo ugalkorrak sortzeko gaitasuna, hain justu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.