Bandera beltza gurutzaontziei

Ekologistak Martxan-ek hiru beltzune ikusi ditu Gipuzkoan eta Bizkaian: Zumaia, Muskiz eta Getxo. Kirol portuen gorakadaz ohartarazi du

Gurutzaontzi bat, Getxoko portuan. Artxiboko irudia. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Hondartza denboraldia martxan da, eta, ohi duenez, kostaldearen egoerari buruzko txosten bat egin du Ekologistak Martxan elkarteak. Bizkaiko eta Gipuzkoako hiru leku seinalatu ditu bandera beltzekin. Gipuzkoan, Zumaia ingurua: urrian ezagun egin zen bideo bat, non flyscharen ingurua plastikoz gainezka ageri zen. Bizkaian bi leku aipatu ditu bereziki. Horrelako txostenetan maiz ageri da horietako bat: Petronorren findegia, Muskizkoa. Bestea Getxoko portua da, bereziki uda garaian iristen diren gurutzaontziak. Talde ekologistak ohartarazi du garraiobide horrek kutsadura handia sortzen duela, eta Getxora urtez urte gehiago iristen direla, eta handiagoak. 50 bat ontzi aurten.

Gipuzkoari dagokionez, beste arazo bat ere aipatu dute txostenean: portuetako egoera. Erakundeak «kudeaketa txarra» egiten ari direla salatu du Ekologistak Martxan-ek. Izan ere, ohartarazi du urte gutxian asko aldatzen ari dela portuetako paisaia: arrantzarako ontziak ez, aisialdikoak ari direla nagusitzen. Artisau eran aritzen diren arrantzaleei eusteko eskatu du elkarteak: «Bultzatu behar da ingurunean inpaktu txikia duen arrantza era, ekosistema sanoetan eta jokabide onekin egindakoa, eta elikadura burujabetza bermatuko duena».

Bandera beltz horiez aparte, aipamen berezia egin diote itsasoan gertatutako ezbehar bati. Martxoan, hondoratu egin zen Grande America ontzia Bizkaiko golkoan. Barruan 2.000 tona fuel zeramatzan, 2.100 ibilgailu eta gai arriskutsuak. Ekologistak Martxan-ek gogorarazi du horietako asko hondoratuta daudela oraindik ere, eta ondorio «birrintzaileak» dauzkatela itsasoan. «Erakundeek ez diote arretarik jarri».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.