Ozeanoak babesteko akordioa lortzeko elkarrizketak, amaitzear

arantxa elizegi egilegor
2022ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Bi urteko atzerapenarekin, baina azken txanpan sartu dira nazioarteko urak babesteko negoziazioak. Herenegun hasi zituzten bi aste iraungo duten elkarrizketak. NBE Nazio Batuen Erakundeak «malgutasuna eta konpromisoa» eskatu zien estatuei, loteslea izango den akordio bat lortu ahal izateko.

Ozeanoen bi heren dira nazioarteko urak, eta horiek babestea da itunaren azken helburua. Mugimendu ekologistak, ordea, kezkatuta agertu dira azken egunetan, uste baitute azken proposamena ez dela izango «behar lukeen bezain zabala».

Miguel de Serpa Soaresek zuzentzen ditu negoziazioak, eta ohar argia helarazi die estatuei: «Zerbait egiteko garaia hau da; ozeanoak oso egoera txarrean daude». Aldi berean, baina, nabarmendu du akordioak «bidezkoa, orekatua eta erreala» behar duela izan, eta mundu osoan indarrean jartzeko modua egin behar duela.

Akordioa aho batez onartu beharrak hura «kafeinagabetzea» eragingo duen beldur dira ekologistak. «Malgutasuna behar da, noski. Ia berrehun herrialde ari dira parte hartzen elkarrizketetan, baina lidergo handia behar da akordioa betikoa izan ez dadin», azaldu du Pilar Marcos Greenpeaceko ordezkariak.

Hitzarmenak jaso beharreko hainbat puntu zerrendatu dituzte mugimendu ekologistek: besteak beste, «itsas santutegiak» sortzeko beharra, zeintzuetan debekatuta egongo liratekeen arrantza eta meatzaritza. Haien helburua da 2030erako ozeanoen eremuaren %30 babestuta edukitzea. Beldur dira, baina, negoziazioetan ez ote diren interes ekonomikoak gailenduko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.