Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Ez gara normalak

2019ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Ba omen dago euskal herritarra eta euskalduna izateko modu normala. Ez dakit nork ezartzen duen zer den normala, baina gero eta argiago dut normaltasun horren mugarrietatik at gaudela gehienok. Normaltasun hori eraikitzeko, jakina, ezinbestekoak dira topikoak, non seguruen inork ez duen bere burua aurkitzen. Baina, hala ere, ezinbestekoa da lauzpabost berbatan sar litekeen deskribapena. Ez dakit gugana datozenei edo munduan barrena gu aurkitzen gaituztenei gutaz duten irudia (gutaz irudirik baldin badute) hankaz gora jartzen ote diegun ezagutzen gaituztenean; esango nuke baietz. Ziurrenen eurei ere gertatuko zaie: beraien kulturaren gainean eraiki dituzten estereotipoetan ez daude. Nik, behintzat, ez dut lauzpabost berba horietan neure burua ikusten inoiz ere ez. Are gehiago, topikotasunak benetan garena erakusteko eragozpen handia direla esango nuke. Ez dut ukatzen egongo dela inor, hor nonbait, gusturago legokeena itogarriak diren deskripzio ezinezko horien barruetan. Beraz, oro har, nire ingurukoak ez gara normalak.

Irakurtzen diren horien artean egunotan irakurri dudan artikulu batean zioten herri kirolak direla euskal identitatearen adierazlerik gorenak. Txundituta geratzen naiz batzuetan zein arinkeriarekin idazten diren zenbait gauza. Nire euskal identitatean ez dago herri kirolekin lotutako milimetro bat ere. Ez zait ardoa gustatzen, ez naiz txuleta-zale, ez futbol-zale, ez dut ondo abesten, ez dakit fandangoa dantzatzen, ez dut baserritar jantzirik, espainieraz hitz egiten dudanean ez daukat euskal azentu nabarmenik, eta nahiko hiztuna naizela esango nuke. Nire euskal identitateak ez du iragana ukatzen, baina orainean kokatuta dago, eta ez da beldur mundua begiratzeko, munduratzeko edota mundua onartzeko. Nazka-nazka eginda nago Txomindelregatotik edaten duten artikulu eta ikusmoldeez. Baina esan dizut hasieran, ez naiz normala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.