Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Emaitzak Espainian

Pedro Sanchez: «Gobernu aurrerakoi bat lortuko dugu, seguru»

PSOEko idazkari nagusiak nabarmendu du bozak irabazi dituztela, eta erran du «eskuzabal» jokatuko dutela negoziazioetan

Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia emaitzak ospatzen, bart, Madrilgo Ferraz kalean. JUANJO MARTIN / EFE.
mikel rodriguez
2019ko azaroaren 11
00:00
Entzun
«Riverarekin ez! Riverarekin ez!», oihukatu zioten jarraitzaileek Pedro Sanchezi Madrilgo Ferraz karrikan joan den apirilaren 28ko hauteskunde arratsean. Ez zien ezezko argi bat eman nahi izan, eta garaipenaren eta boto hazkundearen pozak guztia estali zuen. Hauteskundeen errepikapenean hiru diputatu galdu ditu PSOEk, eta gobernua osatzeko aritmetikak zailagoa dirudi, baina jarduneko presidentea atzo ere apirilean bezain pozik agertu zen jarraitzaileen aitzinera. «Gobernu aurrerakoi bat lortuko dugu, seguru».

Sanchezek ez zuen ez galerarik, ez hankasartzerik interpretatu atzoko emaitzetan. «Alderdi Sozialistak hirugarren aldiz irabazi ditu hauteskundeak aurten: apirilean, maiatzean eta azaroan», izan ziren jarraitzaileei pozarren zuzendu zikien lehenbiziko solasak. Ironia eta txantxa tonua erabiltzeko beta ere aurkitu zuen: «Baina plana ez da hauteskundeak irabazten jarraitzea, gobernu egonkor bat osatzea baizik».

Gobernu hori osatzeko negoziazioetan «eskuzabal» jokatuko dutela erran zuen, baita PSOEk zuzenduko duela, eta «aurrerakoia» izanen dela ere. Ondoan nahi dituen bazkideen izenik ez zuen eman. «Guztiei dei egiten diegu, haien burua bizikidetzatik kanpo utzi eta gorrotoaren mezua zabaldu dutenei izan ezik».

Lau urte gorabeheran

PSOEren eta PPren arteko txandakatze aldia pitzatu zen urtean hartu zuen Sanchezek alderdi sozialistaren gidaritza, 2015ean. Eta harenak izan ziren, hain zuzen, PSOEk 1977tik izan zituen emaitzarik txarrenak, 2015ean eta 2016an.

Sanchezek hartu zuenerako beheranzko joera hartua zuen PSOEk, bipartidismoaren azken hauteskundeetan, 2011n, Alfredo Perez Rubalcabaren hautagaitzarekin ordura arteko emaitzarik kaskarrena izan baitzuten. Horregatik, apirileko emaitzak 1977-2011 artekoekin konparatuta hagitz apalak baziren ere, testuinguru politiko berrian hagitz onak ziren, bozak irabazi eta beheranzko joerari buelta ematea lortu baitzuen Sanchezek, neurri handi batean bi faktoreri esker: 2015-2016 arteko krisi aldian Podemosen eta haren koalizioaren aitzinetik eutsi ziolako, eta 2018an zentsura mozio baten bidez presidentetza eskuratu zuelako. Atzo, apirileko abantaila kamustu egin zitzaion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.