Koronabirusa

193 pertsona larri daude Hego Euskal Herriko ZIUetan

Guztira, 805 herritar daude ospitaleratuta koronabirusak jota. Kutsatu berriek koska bat behera egin dute: 695 kasu atzeman dira

Edurne Begiristain.
2021eko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Kutsatu kopurua eta positibo tasa beherantz doazen arren, Hego Euskal Herriko erietxeen gaineko presioa ez da apaldu. Bilakaera bereziki larria da ZIU zainketa intentsiboen unitateetan; urtarrilaren amaieratik etengabe ari da handitzen unitate horietan erietxeratutakoen kopurua, eta, orain, ZIUetan 193 lagun daude larri koronabirusak jota. 193 pertsonetatik 170 Osakidetzaren ardurapeko zentroetan daude, eta 23 Osasunbidekoak dira.

Egoeraren larriaz ohartarazten dute datu horiek. Izan ere, kutsatzeak apurka-apurka apaltzen ari badira ere, erietxeen gaineko presioa oso handia da oraindik ere. Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, beste 90 pertsona erietxeratu zituzten atzo Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Denera, 805 lagun daude orain ospitaleratuta koronabirusak jota: 612, ospitaleetako gela arruntetan, eta 193, zainketa intentsiboetako unitateetan.

Azken bi egunetan ez da aldaketarik egon erietxeetako okupazioan, baina, azken bi asteotako bilakaerari erreparatuz gero, ikusten da apalduz doala kurba hori, oso apurka bada ere. Hain justu ere, otsailaren 1ean goia jo zuen erietxeetan zeuden pazienteen kopuruak: egun horretan, 974 lagun egon ziren ospitaleratuta Hegoaldeko erietxeetan. Ordutik, beherantz egin du egunero birusagatik ospitaleetan dauden gaixoen kopuruak.

Kutsatzeak, behera

COVID-19aren kutsatzeei dagokienez, berriz, kurba apurka-apurka apalduz doala erakusten dute azken datuek. Guztira, 695 kasu atzeman zituzten herenegun Osakidetzak eta Osasunbideak. Hain zuzen ere, ostiralean 13.728 test egin zituzten (PCR eta antigeno probak) eta horietatik %5 izan ziren positibo. Nabarmentzekoa da datu hori, OME Osasunaren Mundu Erakundeak izurritea kontrolpean egoteko ezartzen duen gehieneko tasa %5 baita.

Lau herrialdeen artean, Nafarroak du kutsatu kopururik apalena, eta baita bilakaerarik onena ere. 82 positibo detektatu dituzte, eta positibo tasa %3,2 da herrialdean. Nafarroako positibo tasak astebete darama %5etik behera. Beste lurraldeei dagokienez, Bizkaian atzeman dituzte kasu gehien: 367 positibo. Gipuzkoan 162 izan dira, eta Araban, 71. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako positibo tasa %5,5 da.

Nafarroako Gobernuak aurreko egunetako heriotza baten berri eman zuen atzo: 97 urteko gizonezko bat. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak asteazkenean emango ditu heriotzei buruzko datu eguneratuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.