Aljeriako gasaren sarbide nagusia izan nahi du Italiak

jokin sagarzazu
2022ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
AEBek hitzemandako gas likidotuan ez ezik, Europak Aljerian jarriak ditu bere esperantzak, hango gas erreserbetan, Errusiakoa ordezkatzeko edo mugatzeko. Eta Italia izan daiteke sarbide nagusia. Espainia oso egokia zen lehen banatzailea izateko, baina aukera hori lurruntzen ari da, Europarekin dituen gasbide konexio kaskarrengatik eta, bereziki, Espainiako eta Aljeriako gobernuen arteko harremanak gaiztotu izanagatik, Madrilek Saharako gatazkan hartu duen jarrera dela eta.

Testuinguru horretan, indarra hartu du Italiaren aukerak. Aljeriako gasa Europara garraiatzeko bi gasbide daude: Medgas, Espainiatik sartzen dena (Marokotik igarotzen zen beste bat dago, baina itxi egin dute, Aljerren eta Rabaten arteko arazo diplomatikoengatik) eta Italiatik sartzen den Transmed gasbidea. Bigarren horrek, gainera, besteak halako hiru garraia dezake.

Negoziazioaren iturriak aipatuz Bloomberg-ek zabaldu duenez, asmoa litzateke %50 handitzea Aljeriako gas naturalaren inportazioak. Atzo, Mario Draghi Italiako lehen ministroa Abdelmayid Tebune herrialdeko presidentearekin bildu zen, eta akordioa aurreratu zuen. Erabakiak europa osoan eragingo luke, baina Italiak aurrena bere erreserbak ziurtatu nahi ditu. Izan ere, herrialdearen gas kontsumoaren %40 inguru inportazio errusiarren menpe dago, eta, horiek debekatu edo murriztuz gero, baliteke oso egoera ahulean geratzea: iaz, 29.000 milioi metro kubiko jaso zituen Errusiatik, eta Aljeriatik, 21.000 milioi. Asmoa da 2022aren amaierarako urteko 9.000 eta 10.000 milioi metro kubiko gehiago jasotzea Mediterraneoaren bestaldetik. Akordioak, halaber, inbertsio sorta bat jasoko luke Aljeriako gas azpiegiturak hobetzeko eta berriztagarrienak indartzeko.

Sonatrach Aljeriako energia enpresako presidenteak, Touffik Hakkarrek, apiril hasieran ohartarazi zuen gaur egun Aljeria ez dagoela Errusiako gasa ordezkatzeko kopuru gehigarriak eskaintzeko moduan, baina ateak ireki zizkien atzerriko proiektu eta inbertsio handiei. Europa gas hornidura alternatiboak bilatzen ari da, Errusiako gas inportazioari ezarri nahi dizkien mugen edo debekuaren ondorioak arintzeko. Italiak ohartarazi du debekua babestuko duela, baldin eta EBko herrialde guztiek erabakiarekin bat egiten badute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.