LARREPETIT

Internetek ez daki

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2018ko uztailak 25
Nik ere batzuetan egiten dudan arren, haserretu egiten naiz afari baten erdian eztabaida konpontzeko mugikorra atera eta erantzunak bertan bilatzeko jendeak duen maniarekin. Ordu luzez ezbaian aritzeak, horrexek baitu grazia, eta ez korapiloaren emaitza zein den jakiteak, askotan. Eztabaida banalak izaten baitira; denbora-pasakoak informazio trukekoak baino. Eta magia guztia kentzen dio zer eta gailu elektroniko batek arrazoiaren ahotsa ekartzeak mahaiaren erdira.

Eguneroko bizitzan ere zalantzarik txikiena sortzen zaigunean Interneti galdetzeko ohitura hartu dugu azken urteotan. Errepidean bidegurutze batean dudatu eta pixka bat galdu orduko, nork ez du jarri Google Maps martxan? Eta sakelakoari begira entretenitu eta azkenean errepideko kartelak gaizki begiratu eta berriro nahasi... zenbat aldiz.

Lagun gazte batzuek kezkaz erraten zidaten lehengo batean kuadrillako batzuk ez direla etxetik ateratzen udako arratsaldeetan. Sakelakoari lotuta bizi direla, eta ez dutela kanpora joateko beharrik sentitzen. Sareari esker lagunak sakelan bertan dauzkatenez...

Internetek, ordea, ez daki guztia. Ez daki, adibidez, zer den asteburua libre eduki eta lagunekin autoan nahierara ibiltzea; orain mendian, orain hondartza batean, biharamunerako kezkarik gabe. Internetek ez daki zer den goizean egunkaria erosi eta paperean irakurriz lasai gosaltzea. Internetek ez daki zer den amatxiri bisita egin eta kafea hartzea gustura harekin tertulian, informazioa baino hitzak eta irribarreak trukatuz, denbora-pasa. Internetek ez daki zer den lanetik bueltatu eta iluntze sargorietako lehenengo zerbeza ahoratzea, gazta eta ogi mutur batekin. Eta nik uste teknologia asko aurreratuta ere, ez duela sekula jakinen. Eta eskerrak.

Udak badaki zerbait horretaz, baina bizitzeko zukua ateratzen jakin behar. Horretarako denbora daukazuenek ez dezazuela galtzen utzi.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna