NBEk rohingyen aurkako genozidioa egotzi dio Myanmarko armadari

Gutxiengo musulmanaren aurkako erasoak «nazioarteko auzitegi batean» ikertu eta epaitu behar dira, erakundearen arabera
Rohingya bat errefuxiatuen kanpaleku batean, atzo, Bangladeshko Cox's Bazar hiriaren kanpoaldean.
Rohingya bat errefuxiatuen kanpaleku batean, atzo, Bangladeshko Cox's Bazar hiriaren kanpoaldean. MONIRUL ALAM / EFE

Ander Perez Zala -

2018ko abuztuak 28
NBE Nazio Batuen Erakundeak Myanmarko armadaren aurka inoiz izandako salaketarik handiena egin du. 875 lekuko elkarrizketatu eta bideoak eta irudiak aztertu ostean —NBEk ezin izan zuen Myanmarren sartu—, erakundeak rohingyen aurkako genozidioa egotzi dio armada horri: «Myanmarko armadaren buruzagitzak genozidio asmoak zituen». Izan ere, 700.000 rohingyak baino gehiagok ihes egin dute Bangladeshera iazko abuztutik, haien aurkako jazarpena dela eta. Gainera, NBEk Myanmarko Gobernua kritikatu du haien aurka «gorroto oihuak eta mezuak» zabaltzen uzteagatik. Horiek horrela, erakundeak uste du epaitu egin behar direla Myanmarko armada, Min Aung Hlaing jenerala eta beste bost goi kargudun, genozidioa egiteagatik Rakhine estatuko iparraldean eta Kachin eta Shan eskualdeetan.

NBEren adituek atzeman dute gizateriaren kontrako krimenak izan direla Myanmarko hiru eskualde horietan. Espetxeratzeak, torturak, bortxaketak, sexu esklabotza eta jazarpena dira ikerlariek ikusitako delituetako batzuk. Atzo publiko egindako txostenaren arabera, armadaren «behar militarrek ezin dute justifikatu» delitu horiek egitea. Horrez gain, NBEk uste du militarrek erabiltzen dituzten teknikak «neurrigabeak» direla egun eskualde horietan dagoen arriskuarekin alderatuta. Bereziki Rakhine eskualdean egindako delituak dira larrienak, eta genozidioa egin duten beste estatu batzuetan egindakoekin konparatzeko modukoak dira.

Milioi bat rohingya bizi dira Rakhine estatuan —biztanleriaren herena—, baina 700.000 baino gehiagok muga igaro dute iazko abuztutik. Duela urtebete, Arakango Rohingya Askapenerako Armadak polizien eta armadaren etxola bati egin zion eraso, eta hamabi militar hil zituen. Eraso horrek, ordea, ondorio askoz ere odoltsuagoa izan zuen: armada eta milizia budistak 59 herritan sartu, 7.000 etxe erre eta 400 rohingya hil zituzten. Gertakari horrek eragin zuen exodoa, eta, urtebeteren ostean, ia ezinezkoa dirudi etxerako bidea har dezaketenik.

Larunbatean, exodoaren lehen urteurrenean, milaka rohingya kalera atera ziren «justizia» eske, eta manifestazio jendetsu bat egin zuten Bangladeshko Cox's Bazar hirian, Justizia, etxera itzultzea, rohingya, eskubideak lelopean.

«Aproposa» irailerako

Rohingyen egoerari buruzko txostenak zeresan eta oihartzun handiak izan ditu nazioartean. Europako Batzordeak, esaterako, «garrantzitsutzat» jo du: «aproposa da, hain justu irailean baita [NBEren] Giza Eskubideen Kontseiluaren hurrengo bilera», adierazi zuen atzo Maja Kocijancic Atzerri gaietarako bozeramaileak.

Hala, EBk bat egin zuen NBEk txostenean egiten duen eskari garrantzitsuenarekin: errudunak «nazioarteko auzitegi batean» ikertzea eta epaitzea. Alegia, gertaturikoa Nazioarteko Zigor Auzitegian ikertzea, edo auzitegi berezi bat sortzea kasu horretarako. «Batzordeak hainbatetan adierazi du errudunak justiziaren aurrera eraman behar direla».

Bien bitartean, erakundeak proposatu du hainbat zigor ekonomiko ezartzea txostenean aipaturiko norbanakoei, eta «arma bahitze bat» aplikatzea Myanmarri. Ideia «interesgarria» iruditu arren, Kocijancicek azaldu du estatu kideekin adostu beharko luketela estrategia horrekin bat egin ala ez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna