Koronabirusa munduan

Faucik AEBetako itxialdia azkarregi arintzearen arriskuaz ohartarazi du

Gobernuaren epidemiologoaren arabera, neurriak arinduz joateko emandako gomendioak ez betetzeak ondorio larriak eragin ditzake

Ekonomiari berrekitearen aldeko protesta bat, AEBetan. JIM LO SCALZO / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
AEB Ameriketako Estatu Batuetan koronabirus kasuak etengabe gora badoaz ere, pandemia dagoeneko kontrolpean dutela nabarmendu izan du Donald Trump herrialdeko presidenteak, eta, hori dela eta, estatuak irekitzen hasteko pronto daudela babesten du. Hau da, garaia dela Amerika berriro irekitzen plana martxan jartzeko —gobernadoreek dute neurriak noiz laxatzen hasi erabakitzeko eskumena—. Bada, ez da iritzi berekoa Anthony Fauci zientifikoa, eta tentuz jokatzeko beharraz ohartarazi zion Senatuari, estatuak azkarregi zabaltzeak «premiarik gabeko sufrimendua eta hildako gehiago» eragingo lituzkeelako. Hura da gobernuaren epidemiologo nagusia, baita AEBetako Alergiaren eta Gaixotasun Infekziosoen Institutu Nazionaleko burua ere.

Fauciren arabera, planean ezarritako jarraibideetako kontrol guneei muzin eginez gero, herrialde osoan «agerraldi ugari» gertatzeko arriskua legoke. Horrek, gainera, normaltasunera itzultzeko bidean atzera egin beharra ere eragingo luke, baita ekonomiaren susperraldia atzeratzea ere.

Halaber, atzo eginiko audientzian adierazi zuen jarduerak goizegi berraktibatzearen ondorioak «benetan larriak» izan daitezkeela. Egun norabide egokian doazela baieztatu zuen, baina horrek ez duela esan nahi egoeraren «erabateko kontrola» dutenik. Horrekin batera, arduraz jokatzeko deia egin zuen. «Zalantzarik gabe, egoera onenean ere, neurriak arintzen direnean kasu berri batzuk agertuko dira. Nire kezka da gidalerroak jarraitu gabe jarduerak irekitzen hasteko presa baldin badago, agerraldiak bihur daitezkeen gailur txikiak ikusten hasiko garela».

Bide beretik aritu zen Robert Redfield AEBetako Gaixotasunen Kontrolerako eta Prebentziorako Zentroko zuzendaria ere, eta jakinarazi zuen oraindik «ez daudela arriskutik kanpo».

Hiru fasetan dago banatuta Etxe Zuriak konfinamendutik irteteko egindako egitasmoa, eta, neurriak arinduz joateko, hainbat baldintza betetzea aholkatzen dute. Hala nola estatuek bi astez «positiboen beheranzko joera» izatea, gaixoen harreman kateak identifikatzea eta testak egiteko ahalmena indartzea.

Bestalde, atzoko diskurtsoan Faucik azpimarratu zuen gaitzak eragindako heriotzak ziurrenik baieztatutakoak baino gehiago izango direla—81.500 pertsonatik gora zendu dira han —. Izan ere, ez dituzte identifikatu euren etxeetan hildako hainbaten heriotza kausak.

Hasieratik tentsioa nabaritu zen saioan, eta Patty Murray senatari demokratak gogor kritikatu zuen estatuburua egiten ari den krisiaren kudeaketa, hori «penagarria» izaten ari dela esanez: «Kontua da Trump presidenteak arreta gehiago jarri duela egiaren aurkako borrokan birusaren kontrakoan baino. Amerikarrek ordaindu dute horren prezioa».

Ordea, audientzia baino lehen ere, jakinekoa zen agintarien artean desadostasunak daudela pandemiaren aurrean nola jokatu zehazterako orduan. Horren isla da herenegun Andy Biggs ordezkari errepublikanoak Fauci eta Debora Birx gobernuko osasun koordinatzailearen jokabidea kritikatu izana: «Fauci-Birx taldeak beldurrarekin eta etsipenarekin ordezkatu ditu fedea eta itxaropena. Gure gizartea eta ekonomia irekitzea da konponbidea. Konfiantza izatea eta gure askatasuna errespetatzea».

Horiek horrela, AEBetako hainbat estatu hasi dira dagoeneko neurriak arintzen, erritmo desberdinetan. Johns Hopkins Unibertsitateak emandako azken datuen arabera, denera 1.350.000 kasutik gora atzeman dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.