Parisko xedeak betetzeko inbertsio gehiago eskatu ditu IEAk

Nazioarteko Energia Agentziak karbono neutraltasunera heltzeko aurreikusitako inbertsioen %40 soilik iragarri ditu nazioarteak

Eguzki plakak, AEBetako San Frantzisko hirian. EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko urriaren 29a
00:00
Entzun
Pandemiak eragindako krisitik irteteko helburuz herrialdeek teknologia garbietan egin asmo dituzten inbertsioak ez dira heltzen IEA Nazioarteko Energia Agentziak Parisko Hitzarmena betetzeko beharrezkotzat jotzen duen kopuruaren %40ra baino. Hala ohartarazi zuen erakundeak atzo argitaratutako txosten batean.

Aurreikuspenak hobetu egin dira, hala ere, joan den uztailetik, orduan inbertsioak bost puntu txikiagoak baitziren. Baina, agentziak ohartarazi duenez, oraindik ez dira nahikoa Parisko Hitzarmena betetzeko. IEAren datuen arabera, gobernuek euren susperraldirako aurreikuspenetatik 470.000 milioi dolar jarriko dituzte 2023ra trantsizio energetikorako. Ordea, erakundeak bilioi bat dolarren inbertsioak jotzen ditu beharrezkotzat 2050erako karbono neutraltasuna lortuko bada.

Herrialde garatuek aurreikusi dituzte energia garbian inbertsiorik handienak: zehazki, euren berregituratze gastuen bi heren. Oso bestelakoa da egoera garatzeko bidean diren estatuetan, non, aberatsenen inbertsio gastuen hamarren batera soilik iristen diren. Hala, arrakala horren arriskuaz ohartarazi du erakundeak.

Bestalde, IEAk txostenean gogorarazi du pandemiaren ostean, 2021ean, berriz ere gora egin duela erregai fosilen erabilerak, eta, beraz, oraindik posible den arren mendearen erdirako tenperatura gehienez 1,5 gradu igotzea, energia garbian inbertsio handiagoak egitea eskatzen duela: «Energiaren sektoreak isuri ditu, industriaurrekoekin alderatuta, tenperatura 1,1 gradu igotzea ekarri duten isurien hiru laurden. Beraz, sektore horrek irtenbidearen zati ere izan behar du».

Hala, Parisko helburuetara heltzeko, hau da, mendearen amaierarako tenperatura ez dadin igo 1,5 gradu baino gehiago, lau urrats jasotzen ditu txostenak: argindar energia garbia bultzatzea eguzki plaka eta haize errota kopuruak bikoiztuz; energia eraginkortasuna bultzatzea; erregai fosilen kudeaketatik sortutako metano isuriak murriztea; eta energia garbian inbertsioak egitea, hura sustatzeko.

Isuriak murriztea xede

Hamarkada honetan bertan karbono dioxido isuriak murrizteko konpromisoak hartzea, eta herrialderik aberatsenek pobreenei trantsizio horretarako ematen dieten laguntzak handitzea. Horiek dira Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek nazioarteari jarritako helburuak. «Ez da 30 edo 40 urteko kontua; orain da, hamarkada honetan, hobeto egiteko garaia. Gainontzean, aldatu ezineko mugarrietara helduko gara», ohartarazi zuen Von der Leyenek, G20koek Erroman egitekoa zuten bilerara joan aurretik.

Batzordeko buruzagiak adierazi zuen egun hartutako konpromisoekin mende amaierarako bi graduko tenperatura igoera izango duela Lurrak, eta ohartarazi energia berriztagarrietarako trantsizioa garestiagoa izango dela denbora igaro ahala. Hain zuzen ere, Nazio Batuen Erakundeak iragarri zuen atzo garapen bidean diren herrialdeek urtero 300.000 milioi dolarren laguntzak beharko dituztela 2030erako, klima aldaketak eragindako kalteei aurre egiteko; eta hura geldotzeko neurriak hartu ezean, kopuru hori 500.000 milioi dolarretara igaroko dela. Egun aipatu 300.000 milioi dolarretatik laurden bat soilik finantzatzen du nazioarteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.