Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Aldaketako autoritarioak

2018ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Inork ez zuen iraultza proposatu. Oraindik goiz da zor ilegitimoarekin,AHTarekin, etxebizitza politikekin, zergekin, Bardeako poligonoarekin, euskaldunon diskriminazioarekin... egin dutena aztertu eta epaitzeko: ez da legegintzaldia bukatu.

Ordea, azter dezakegu Maravillas aferarekin Nafarroako gobernuburuen kalitate demokratikoa. Iturri batzuen arabera, afera abiatzeko estrategian sei lagunek parte hartu dute. Beste baten arabera, lau izan ziren. Oso bertikala dena. Lau-sei lagunek erabaki dezakete Iruñeko Alde Zaharreko, eta hedaduraz Nafarroa Garaiko politika.

Gizarte demokratiko batean lau-sei lagunek ezin dute bizikidetza baldintzatzeko adina botererik metatu. 1919an Rosa Luxenburgek idatzi bezala, gizarteko eraldaketaren lana ez da botere zentrala pertsona berri baten ala hamar pertsona berriren esku uztea. Boterea esku askoren artean uztea da eraldaketa.

Nafar exekutiboari ez zaio komunismoa eskatzen ahal: ez ziren horretara etorri, baina beti hauta daiteke Ibarretxe ala Azkuna izan, eta Maravillasekin Ares izan dira. Gaztetxekoak iraindu dituzte paternalismoz, likidatu nahi izan dituzte exekutiboaren eskeman ez dutelako tokirik.

Nik ez dut nahi javieradetara doazen katolikoei poliziek bizkarra apurtzea. Ateoa izateko modu asko dago. Nahi nuke haurrek eskolan erlijiorik ez ikastea, baina katolikoen erlijioa dagoen artean islama ere eskaintzearen aldekoa naiz: laukoak ahalbidetu ez arren.

Uda honetan Geroa Baiko parlamentari eta zinegotziei okupez irakurri dieguna da Chemnitzeko eskuin muturrekoei errefuxiatuez irakurritakoaren oso antzekoa: estigmatizatuz («kalimotxoaren iraultza, pipotea, pribatizatzaileak») euren kontrako biolentzia ezartzeko marko bat sortu dute («legez kanpo» daudelako, 36 urtez ETB Nafarroan bezala). Ezin zaio Sarasateko exekutiboko inori Oskar Lafontaine izatea eskatu, baina Guerraren ordez beti egongo da Egiguren izateko aukera. Tamalez, gurea Loiolaren lurra da eta ez Müntzerrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.