Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Ihes ederra

2019ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Ez da erraza izaten sanferminetatik ihes egiten. Ordu eta erdiko hegaldia ez da nahikoa izaten «munduko festarik hoberenaren» oihartzunik ez jasotzeko, gorputza eta gogoa beste nonbait izanda ere. Uztailaren 6an dagoen lekuan dagoela, iheslariak lagunen argazkiak —baita ezagunenak, ezezagunenak eta baliteke arerioren batena ere— jasoko ditu, eta, nahita edo nahigabe, desfasearen fase guzien lekuko izanen da. Bideoak ere iritsiko zaizkio, txupinazoarenak, erraldoienak, gorabehera klimatiko ororenak. Uztailaren 7an, eguerdiko albistegietan, beste hizkuntza batean —ez euskaraz, ez gaztelaniaz, ezta frantsesez ere— ezagutuko du entzierroaren partea eta horren bidez ere jakinen du «betikoak iruindarren egunik politena» berriz saiatu direla hondatzen.

Neurri batean, ados dago desertorea berri-emailearekin, pentsatzen baitu betikoak izan direla iruindar askoren nahia zapuzteko ahalegina egin dutenak, baina aurkezlearen «erasotzaileak» eta bidaiariarenak desberdinak dira. Berriz ere kontakizunaren gaineko borroka. Udaltzainen jarduera ikusi du sare sozialetan zabaldutako bideoetan, ezker abertzaleko zinegotziekin ikurrina eskuratzeko lehia, kolpeak eta oihuak, eta Albaren poz keinua iruindarren—baina ez guzien, antza— eskubideak defendatu beharko lituzketen funtzionarioek banderak lapurtu dituztela egiaztatu duenean, Flandriako Tertzioaren garaipena ospatuko balu bezala. Garrantzi handiagoa ematen dio Udaletxeko batailari kaleko gertaerei baino. Garaipen zentzugabea, pirrikoa, tristea.

Igandean deserrian —aspaldi ez du argi zein den bere herria eta zein deserria— eginen duten zezenik gabeko entzierroan parte hartzeko gonbita jaso du iheslariak. Joatea erabaki du. Auskalo nola sartu ziren kamiseta zuria eta zapi aldarrikatzaile gorria bere maletan. Txistorra irentsi bitartean galdeginen die zer ezagutzen duten Iruñeaz, Nafarroaz, Euskal Herriaz bildutakoei. Ardo nafarraren azken zurrutadarekin batera ahaleginen da bere buruari erantzuten nondik eta zertatik egin duen ihes.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.