Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Gerra eta bortxaketak

2022ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Gerrak arrailgarriak dira. Ez dut uste aurkakorik esango dizun inor aurkituko duzunik. Gerrek gizakion porrota erakusten dute, eta esango nuke kudeaketa modu baten porrota ere badela. Xake taula bat dirudi bizitzak, eta gu aurreko horiek gara, beti jausten garen peoi sakrifikagarriak. Gero, jaiotako leku eta unearen arabera gehitu egiten dira sakrifikagarriago izateko aukerak. Esaterako, emakume jaio bazara gerra eremu batean, badakizu aukera handia dagoela, gutxienez, bortxatua izateko. Ezagutza batzuk ez dira ahoz igortzen, gorputz eta beldurrez baizik. 90eko urteetan, Bosniako gerran bortxaketak etengabekoak ziren; emakumeen lekukotzak izugarriak dira. Salbuespena balitz, gaitz erdi. Baina historian zehar errepikatu den zerbait da. Hots, hemen ez dagoela on-gaizto saldorik. Adibide bat gogoratzearren, Srebrenican edo Haitin kasko urdinak salatu zituzten emakumeak bortxatu edota prostituziora behartu zituztelako. Hor daude emakume yazidien adierazpenak, nigeriarrak, Bigarren Mundu Gerran sexu esklabo behartutako emakume japoniarrak, etiopiarrak, afganistandarrak... Bortxaketa gerra estrategia da, eta berdin du zein kolore duen banderak.

Txunditu egin nau, aitortu behar dut, batzuek agertutako harridurak. Errusiar soldaduek ukrainar emakumeak bortxatu dituztela zabaldu da, eta NBEk salaketa horiek ikertu ditzatela eskatu du. Nik ez daukat zalantzarik hori gertatu (eta gertatuko) denik. Batzuk harritu ditu horrek. Ez dakit horrelakorik itxaroten/irudikatzen ez zuten, edota galaxia urrunetako burbuila isolatuetan bizi diren. Niri nazka ematen dit honek denak; batzuek gerra izenik emateko ausardiarik/gogorik ez duten gerra luzeegi honek. Eta hitzak falta zaizkit higuin infinitua adierazteko; horregatik, maiz, isilik geratzen naiz, izoztuta bezala, deslai. Baina, bai, nik ere urdailaren sakonean sentitzen dut enpagu/amorru amaiezina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.