Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Agur erdi

2022ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
«Zenbat dirau maitasunak?», galdetzen zuen Theo Angelopoulosek egindako Mia aioniotita kai mia mera/Eternitatea eta egun bat filmean. «Eternitatea eta egun bat», erantzuten zuen pertsonaietako batek. Zinema zuzendariak buruan zerabilena hausnartzen harrapatu nau askotan pelikula osteak. Ukitu poetikoa eman nahi zion? Hautu estetiko soila izan ote zen? Denboraren zorabioa agertu nahi zuen? Egia esan, azken aldiotako (ia) obsesio bilakatu zait: denbora, ez-denbora, existentzia-eza. Adinak eta bizitzak ezinbestean dakartzan agurrak dira honen erantzule, ziurrenen. Ez zaizkit agurrak gustatzen, eta agur eta erdiak, are gutxiago. Denboratik kanpora naramate, Isabel Bakedanoren geltoki zaharreko koadroaren antzera. Zeozer atmosferikoa da, edo izan liteke (aitortu dizudan legez) nire (ia) obsesio berri honen adierazle bat.

Azken boladotan nire inguruan akidura nagusi da, nekea; esku ahurretik eutsi ezina den ura bezalakoa bilakatu zaigu denbora. Sats eginda gaude, eta horrelakoetan gelditu beharra dago. Bai, pribilegiatuak gara geldi gaitezkeelako, atseden hartu dezakegulako, ihesaldiren bat egin genezakeelako. Horixe da nagusiek gogoratzen digutena. Batzuek aurpegiratzen digutena. Ikasturteak luze jo du, ikasi ditugu zenbait gauza, batzuetan odolez eta izerdiz. Baina, lehengoan lagun bati niotsan bezala, inor ez da bizitzatik kalte barik ateratzen. Eta ez, lasai, irakurle estimatua, ez noa bizitzatik, soilik hemendik at out bat egitera noa. Garai ezin biziagoak eta ziurgabeak bizi ditugu, baina bada bestelakorik? Zerrendazale honek ez du planik egin, ez dauka oporretarako zerrendarik, datorrena datorrela, harrapa gaitzala gertu eta gertatuta. Liburu mordoxka daramat besapean, hori eta Ossau-Irati gazta zati bat. Ez da asko, edo bai. Itzuliko naiz, etorkizuna den ikasturte berrirako istorio pare batekin.

Zaindu zeure burua, zaindu maite dituzunak eta goza ezazu asko eta gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.