Ander Perez Argote
LARREPETIT

Mugak

2022ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Parisen, turistentzako gaztelaniazko free tour-etan, espainiar gisara aurkezten dute Nafarroako Henrike III.a, Frantziako IV.a ere izan zena, Pont Neufeko bere estatuara inguratu ahala. Hanka sartzea ez da bakarrik historikoa —espainiar nazioarena kontzeptu hasiberria zen Henrikeren garaian—, baizik eta, batez ere, geografikoa: errege hura Pauen jaio zen, Nafarroako Erresuma burujabea Pirinioen iparraldeko isurialdera mugatzen zen garaian. Gida turistikoaren fede txarra albo batera utzita, arrazoi sinplista bat izan dezake akatsak haren arrazoiketan: Nafarroako errege, beraz, espainiarra. Bi gehi bi, lau.

Alderantzizko baina molde bereko manipulazio baten berri izan dugu azken astean inguruotan, hau, ziurrago, asmo txarrekoago. Makea eta inguruko herrietako gaztez osatutako talde batek Antso azkarra edo Miramamolinen esmeralda antzezlana taularatu du Iruñean, pasa den igandean. Prentsa oharrean,Iruñeko Udalak «la compañía francesa Jostakin...» ekarri du lerro artera, labur, baina esanguratsu. Eta alferrik litzateke honetara ezkero hasperenka hasi eta harrituarena egitea, gure agintarien obsesioak direla eta. Kezkagarriago da, izatekotan, fede txarrik gabeko zenbatek irakurriko zuten oharra eztarrian ezer trabatu gabe. Nola heldu den hainbesteraino asimilazioa, zalantza ez egiteraino mendikatearen alde bateko batzuk euskaraz antzezten ari badira, eta mendikatearen alde honetako beste batzuk euskarazko antzerkia ulertzen ari badira, ziurrenik, sinpleago izango dela ariketa, estatu bateko edo besteko banaketetan hastea baino.

Iruñeko erdigunean bada, ezker-eskuin, hiria bitan zatitzen duen hiribide handi bat: Nafarroa Behereko etorbidea. Iruindar gehienek erdarazko adieran ahoskatzen dute: «Voy por la Baja Navarra». Milaka izango dira egunero zeharkatzen duten autoak. Duda da gidari horietako zenbatek dakiten zein den beste Nafarroa hori, askok, kotxe barruko ispilutik, Nafarroako katedun armarria zintzilik badaramate ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.