Greziaren irteera atea

Abuztuaren 20an erreskatea atzean uzteko baldintzak eztabaidatuko dituzte gaur eurotaldean. Zorpetzea arintzeko neurriak dira gakoa
Juncker eta Tsipras, pasa den apirilean egindako bileran.
Juncker eta Tsipras, pasa den apirilean egindako bileran. ORESTIS PANAGIOTOU / EFE

Ivan Santamaria -

2018ko ekainak 21
Greziak eskura du irteera. Dena ondo bidean, abuztuaren 20an gaindituko du azkenik erreskateen aroa. Ekonomia birrindu eta herrialdea goitik behera eraldatu duen krisian mugarria litzateke. Ordurako, Greziak 3.000 egun baino gehiago iraganak izango ditu esku hartuta, 2010. urteko maiatzaren 2an hasi zen bide malkartsua.

Irteera hori ahalik eta berme gehienekin egitea da orain kontua. Europarentzat ere garai garrantzitsua da. Krisia gainditutzat jotzeko falta den elementua da Greziaren normalizazioa. Beste erreskateekin alderatuta, ezohiko ezaugarriak ditu: beste inon ez zitzaien hartzekodunei kita bat ezarri. Berriro ere gobernua merkatuetan bere kabuz finantzatzeko gai izango dela ziurtatzeko urratsak behar dira.

Eurotaldearen gaurko bilerak hirugarren erreskate programaren laugarren eta azken berrikusketa egingo du. Europako Batzordearen ustez, laguntza ekonomikoaren truke agindutako guztia bete du Alexis Tsiprasen gobernuak. 88 neurri zehatz exijitu zitzaizkion fase honetan, eta denak gauzatu ditu. Gauzak horrela, maileguaren azken ordainketa onartzea espero da. Zenbat izango den ez dago oraindik zehaztuta, baina Atenasek 12.000 milioi euro inguru eskuratzea espero du. Kopuru horrekin eta dagoeneko aurreztua duen diruarekin, 2019 osoa igaro lezake finantza merkatuetara jo behar izan gabe, arazoak sortuko balira.

Greziak egin duen ahalegina nabarmendu zuen atzo Pierre Moscovici Finantza komisarioak: «Zortzi urte izan dira finantza laguntzarekin, eta Greziako jendeak sakrifizio oso mingarriak egin ditu». Guztira, 273.000 milioi euro jaso ditu herrialdeak erreskateen bidez. Diru gehiena —241.000 milioi— euroguneko estatu kideek mailegatu dizkiote. Trukean, «parekorik ez duen erreforma andana» egin du Greziak. Soilik azken hiru urteetan 450 erreforma egin ditu gobernuak, «sarritan oso zailak», Moscoviciren aburuz.

Eurotaldeari begira, gobernuei ere mezu bat igorri nahi izan zien komisarioak. «Greziak bere egitekoak bete ditu, eta orain garaia da gainerako estatuek euren lana bete dezaten».

Zorpetzea arintzeko ideiak

Eurotaldeak erreskatea amaitzeko falta den gairik korapilatsuenetako bati heldu beharko dio gaur ezinbestean. Hirugarren erreskate programa sinatu zenean, Greziako Gobernuari agindu zitzaion etorkizunean neurriak hartuko zirela zorpetzearen zama arintzeko. Izan ere, erreskateen aro guztia amaituta, BPGaren %178 zor du, beste inork baino gehiago: 317.000 milioi euroko harritzarra herrialdearen lepotik zintzilik. Kontuan hartu behar da 2012an hartzekodun pribatuei kita bat ezarri zitzaiela, zama hori 107.000 milioi euro gutxitzeko.

Zorpetze gehiena beste erakunde publiko batzuei ordaindu behar zaienez, oraingo honetan kitak egitea erabat baztertuta dago. Greziak diru guztia itzuli beharko du, baina bide hori benetan jasangarria izan dadin, aukera batzuk daude mahai gainean. Nagusiki, bi dira: indarrean dauden maileguak bueltatzeko epemugak nabarmen atzeratzea, eta zorraren parte garestienak berrerosi eta interes txikiagoak dituzten maileguekin ordezkatzea.

Alemaniaren erresistentziak ezinezko egin du orain arte zorpetzeari buruzko akordio bat lortzea. Troika beldurgarria osatzen zuten erakundeen arteko giroa gaiztotu du horrek. Aringarriak onartzen ez badira, Greziaren zorpetzea bere horretan eramanezina dela sinetsita dago NDF Nazioarteko Diru Funtsa. Hirugarren erreskatean parte hartzeari uko egin izan dio NDFk, arrazoi hori dela medio.

Greziarrek eta merkatuek zorpetzea kudeatzeko bide orri «sinesgarria» merezi dute, Moscoviciren ustez. Greziak %3,5eko superabit primario bati eustea a- gindu du; oraingoz, baina, ekonomia okertzen bada, arriskuan egon daiteke.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Ivan Santamaria

Informazio osagarria