Iazko martxotik, %2 jaitsi da errenta bermatuaren onuradunen kopurua

Nafarroan, errenta bermatuak 36.000 lagun babesten ditu, eta horietatik %36 adin txikikoak dira
Gema Mañu Babes Sozialerako zuzendaria, Miguel Laparra lehendakariordea eta Javier Tuñon Errealitate Sozialaren Behatokiko zuzendaria, atzo.
Gema Mañu Babes Sozialerako zuzendaria, Miguel Laparra lehendakariordea eta Javier Tuñon Errealitate Sozialaren Behatokiko zuzendaria, atzo. J. MANTEROLA /FOKU

Joxerra Senar -

2019ko martxoak 15
Joera aldatu egin da. Krisia lehertuz geroztik, errenta bermatuaren edo unean unean izen diferentea hartu duten gizarte laguntzen onuradunek gora egin dute Nafarroan. 2015etik hona 4.711 sendi gehiagok jaso dute laguntza hori, baina lehen aldiz joera aldatu dela nabarmendu zuen atzo Miguel Laparrak, Nafarroako Gobernuko Gizarte Eskubideen lehendakariordeak: «Esanguratsua da. Iazko martxotik behera egin dute errenta jasotzen duten unitate familiarrek, modu arinean bada ere. Martxoan goia jo zuten, eta geroztik behera egin dute». Zehazki, abendura arte %2 egin zuen behera, eta aurtengo lehen bi hilabeteetan ere joera hori nagusitu dela ondorioztatu du Laparraren departamenduak: errenta eskatzen dutenen kopurua %4 gutxitu da, iazko epe bereko datuekin alderatuta.

Pobreziari aurre egiteko Nafarroako Gobernuak duen erreminta nagusia da errenta bermatua, eta arlo sozialean laukoaren apustu politiko nagusia da ere bai. Geroa Bai, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak 2016ko azaroan aldatu zuten UPNren garaitik zetorren legea, eta laguntza jasotzeko baldintzak leuntzeaz gain, estaldura zabaldu zuten.

Atzo, iazko errenta bermatuaren datu nagusiak laburbildu zituen Miguel Laparrak, prentsaurrekoan. Guztira, gizarte laguntza horrek gaur egun 36.303 laguni ematen die babesa foru erkidegoan; horietatik heren bat baino gehiago (13.233) adin txikikoak dira, onuradunen artean adin talderik handiena.

Araban, Bizkai eta Gipuzkoan, Eusko Jaurlaritzaren urtarrileko datuen arabera, 54.850 lagunek jaso zuten diru sarrerak bermatzeko errenta, Nafarroako errenta bermatuaren baliokidea. 2015eko maiatzean goia jo zuen (66.373), eta geroztik beherantz egin du.

Nafarroan onuradun bakoitzak batez beste 685 euro jasotzen ditu hilean. Onuradunen %45 inguru norbanakoak dira, eta horiek 615 euro inguru kobratzen dute hilean —hain zuzen ere, 2016ko lege aldaketaren neurririk polemikoena izan zen, aurrekoarekin alderatuta 50 euro jaitsi zitzaielako diru kopurua—. Sendien kasuan, bere gain dituzten seme-alaben arabera, igotzen doa kopurua 1.200 eurora arte.

Guztira, Nafarroako Gobernuak iaz 103,5 milioi euro zuzendu zuen gizarte laguntza hori finantzatzera, 2017an baino %5,5 gehiago. Miguel Laparraren arabera, «inbertsio bat da» jarritako euro bakoitzak ekonomian eragiten baitu.Gizarte Errealitatearen Behatokiak egindako azterketaren arabera, 71 milioik modu zuzenean eragiten dute kontsumoan, eta gainerako inbertsioak beste sektoreetan zeharkako eragina du. Baita enpleguan ere: zuzenean zein zeharka 1.300 lanposturi eragiten dio. Horregatik, behatokiak kalkulatu du jarritako ehun eurotik hamasei berreskuratzen dituela, Ogasunak guztira 17,3 milioi biltzen dituelako Balio Erantsiaren gaineko Zergaren eta Errenta Zergaren bidez.

21.000 kontratu

Errenta bermatua jasotzen dutenek, eskubideak dituzten bezala betebeharrak dituzte. Errenta jaso ahal izateko Nafar Lansaren izen eman behar dute, eta hango lan eskaintzak onartu. Iaz 6.997 onuradunek 21.000 kontratu izenpetu zituzten, eta jasotzaileen artean, iaz %25 handitu zen kontratazioa. Laparrak azpimarratu zuen errentak denboran aurrera egin ahala, lan munduko jarraipena eta kudeaketa hobetu dela.

Espedienteen ikuskaritza ere hobetu den bezala. Gaur egun, espedienteen %72 ikuskatzen ditu departamenduak, eta horien artean %4,4ko irregulartasunak atzeman ditu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna