Koronabirusa munduan

Etxe barruko kutsatzeen arriskuaz ohartarazi dute adituek Italian

Beharrezkotzat jo dute kutsatuta daudenak etxebizitzetatik kanpo bakartzeko guneak prestatzea

Erizain bat koronabirusak kutsatutako gaixo bat etxean bisitatzen, Brescian. FILIPPO VENEZIA / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Europako herrialde guztien artean, Italia da konfinamendurik luzeena eta zorrotzena egiten ari dena. Zalantzarik ez da itxialdiak koronabirusaren kutsatze erritmoa moteltzen lagundu duela eta ospitaleetako lan karga arintzeko ezinbesteko neurria izan dela. Herrialde mailako datuak hobetzeko balio izan duenak, baina, herritar askorentzako arriskua ere sortu du. Izan ere, 80.000 lagun inguru daude etxean bakartuta COVID-19 gaitzagatik positibo eman ostean, sintomarik gabe edo sintoma arinekin birusa gainditzen. Egoera horren ondorioz, etxe barruko kutsatze kopurua oso kontuan hartu beharrekoa dela nabarmendu dute hainbat adituk. Ohartarazi dute konfinamenduko neurriak bertan behera uztearekin batera epidemia berpiztu daitekeela herrialdean, aurrez etxebizitzetako kutsatzeak mugatzen ez badira.

Txinak Italiara bidali zuen mediku ordezkaritzak martxoan adierazi zuen beharrezkoa zela positibo emandakoak bakartzeko eraikin prefabrikatuak prestatzea, baina, emaitzei erreparatuta, esan daiteke hori ez dela izan Italiako Gobernuaren lehentasunen artean. Ez du garatu etxebizitzetan kutsatze kasuak eragozteko plangintzarik. Babes Zibilak atzo jakinarazi zuenez, 82.200 lagun baino gehiago daude etxean bakartuta; egun kutsatuta dauden 106.000 herritarren hiru laurden. Gaitzaz hildakoak ia 26.000 dira.

Kasu askotan, zaila izaten da gaixoa etxe barruan bakartzea. Adinekoen kasuan, zaintza behar izaten dutelako. Desberdintasun sozialek ere badute eragina. Bakartzeko bigarren etxebizitzarik ez dutenek edota beste senide batzuekin batera etxe txiki batean bizi direnek birusa kutsatzeko arrisku handiagoa dute. Horiek horrela, etxe barruko kutsatzeek sendi bereko hainbat kideren heriotza eragin dute askotan, eta familia askok egoera emozional latzei egin behar izan diete aurre.

Silvio Brusaferro Italiako Osasun Institutu Nazionaleko presidenteak aitortu du gaixoakbakarturik dituzten etxebizitzak «arrisku handieneko tokiak» direla, baina gaineratu du birusa ez dela hori baino urrunago zabaltzen.

Etxeetako kutsatzeak eragozteko Txinak indarrean jarririko estrategia eraginkorra izan zen. Kasu positiboak etxetik kanpo bakartzeko guneak prestatu zituen.

Italiako hainbat hedabideren arabera, Giuseppe Conteren gobernua lurraldeetako agintariei gisa bereko guneak atontzeko eskatzea aztertzen ari da lurralde horietan konfinamendua kentzea baimentzeko. Orain arte, neurri lausoak hartu ditu, ordea. Martxoan, tokiko erakundeei bide eman zien hotelak gaixoak bakartzeko gune bihurtzeko. Lurralde bakoitzean, baina, modu batera gauzatu da neurria. Kasu gehienetan, baieztatutako kasuek dute gune horietara sartzeko aukera; lurralde batzuetan ez dago gela erabilgarri nahikorik; pandemiak gogorren jo duen eskualdeetan ospitaleratutako gaixoek jo dezakete soilik zerbitzu horretara; eta beste zenbaitetan erabilgarri dauden gelak ez dira bete, gaixo askok nahiago izan dutelako etxean itxi.

Espainian AEBen eta Italiaren atzetik koronabirusagatik hildako gehien duen herrialdean, bakartzerako instalazioak irekitzeko asmoa agertu du gobernuak, eta funtzio horretara bideratu daitezkeen azpiegituren zerrenda bat osatzeko eskatu die autonomia erkidegoei.

Konfinamendua kentzeari eta «bigarren fasea» delakoa indarrean jartzeari begira, kontrol neurriak pixkanaka eta zuhurtziaz malgutzearen garrantzia nabarmendu du OME Osasunaren Mundu Erakundeak. Beharrezkotzat jo du konfinamendua bertan behera uzterako gaitasuna izatea kasu susmagarriei azterketak egiteko eta kasu positiboak bakartzeko. Bide horretan, adierazi dute beharrezkoa dela kutsatuta daudenak ahalik eta faserik goiztiarrenean atzematea, bakartzea eta harekin kontaktuan izan direnak identifikatzea, horiek ere berrogeialdian jarri ahal izateko.

Italiak eguneko kutsatu berrien kopurua murriztea lortu du azken asteetan. Hala ere, hainbat adituren ustez ez da posible izango birusaren hedatzea kontrolpean hartzea bakartzegune nahikorik gabe. Etxebizitzak bigarren olatu baten abiapuntu izan daitezkeela ohartarazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.