Eroskik zalantzak uxatu ditu, 45 milioi euroren irabaziei esker

Aktiboen balorazioaren «egokitzapenak» asko lagundu dio emaitzak nabarmen hobetzen

xabier martin
2020ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Eroski irabazien bidera itzulita zegoen 2018an, baina zor handiak eragindako zalantzak erabat uxatu gabe; 2019an, berriz, aurrerapauso nabarmena eman du etekinen bide horretan. Elorrioko kooperatibak 45 milioiren baino gehiagoren irabaziak izan ditu, eta mozkin operatiboa %18tik gora igo du. Ebitda erakusleak 260 milioi euroak gainditu ditu, eta hori ez zuen lortzen 2012tik. Gainera, kooperatiba nagusiak, Eroski S. Coop.-ek, %1,8 igo ditu salmentak, eta 72,3 milioi euroren etekinak ere izan ditu. Taldeak bide onera itzultzeko egin duen ahaleginari neurria jar diezaioke datu honek: 2016an 22,8 milioi galdu zituen, eta hiru urte geroago, 45 milioi irabazi ditu.

Atzeraldi Handiaren krisiak ataka larrian jarri zuen Eroski, eta pilatzen hasi zitzaion zorrak muturreko egoerara eraman zuen taldea 2013tik aurrera. Zor berregituraketa biren eta negozioaren hainbat adar eta hipermerkaturen salmentak tarteko —azken urtean bederatzi gutxiago dauzka—, bidea zuzentzea lortu zuen Elorrioko zuzendaritzak, bazkide-langileen ahalegin handia lagun. Orain, berriz, 2018an lortutako irabazien bidean urrats handiagoa egitea lortu du

Eroskiren egungo osasun ona islatzen duen beste informazio bat ere helarazi zuen banaketa enpresak atzo: 74 denda gehitu ditu, eta sendotu egin du Zurekin eredura eraldatzeko plana: 845 saltoki baino gehiago ditu belaunaldi berrikoak, nahiz eta salmenta azalera osoa gutxitu egin den. Horiek horrela, Iberiar penintsularen iparraldeko janari banatzaileetan bigarrena da, %13tik gorako merkatu kuota baitu.

Zorraren egoera

Izan ere, 45,2 milioi euroko irabazi garbia lortu du 2019an, eta aurreko ekitaldia hobetu du, 43,6 milioi euro gehiago irabazita. «Birfinantzaketako baldintzen balorazioak eta aktiboen balorazioaren egokitzapenak» kopuru horretan garrantzia dutela onartu du Eroskik. Ildo positibo berean, etekin operatiboa bederatzigarren urtez jarraian hobetu du, 193,8 milioi euroraino. Taldearen inoizko salmenta emaitza operatiborik onena da hori. Eboluzio horretan zerikusia izan dute «eraginkortasuna eta produktibitatea hobetzeko neurriek», baita sare komertzialaren eraldaketak eta berrikuntzak ere.

Eta zorraren zama hori zenbat arindu da 2019an? Bada, Eroskik 263 milioi euro murriztu du bere zor finantzarioa, eta 2010etik 1.900 milioi euro inguru gutxitu du lasta hori. 2019ko uztailean, banaketa kooperatibak hitzarmen bat egin zuen banku hartzekodunekin zorra berregituratzeko, eta baldintza hobeak lortu zituen. «Horren balorazioa behar bezala islatu da urteko kontuetan», esan zuen Eroskik bere oharrean. Hala, NIIF16 Errentamenduen gaineko Nazioarteko Arauan izan den aldaketa 2019an aplikatzeak eragina izan du bai ustiapen kontuan —finantza gastuetan eta amortizazioetan— eta bai balantzearen zor finantzarioan, alokairu kontratuetan erabilera eskubide berriak erregistratu baitira.

Zorra bridaturik duela, Elorrioko taldeak bere sare komertziala eraldatzen jarraitu du Zurekin ereduan. Orain 845 denda baino gehiago daude eraldatuta, eta horietan saltzen ditu taldeak elikagaien %80 baino gehiago. Horiek horrela, taldearen salmenta gordinak 5.266 milioi eurorenak izan dira, 2018an baino %2,4 gutxiago; «izan ere, hipermerkatuen alorrean azalera murriztu egin du taldeak», dio Eroskik. 2018an baino bederatzi hipermerkatu gutxiago dauzka orain, higiezinen salmenta eten ez delako seinale. Edonola ere, Eroskik nabarmendu zuen salmentak igo egin direla sarea eredu berrira eraldatu den eskualde guztietan.

Sei milioi bezero bazkide

Emaitza on horiei esker, banaketa enpresak «sendotu» egin du penintsularen iparraldean eta mendebaldean duen lidergoa, eta eremu horietan egin ditu sarearen eraldaketarik gehienak. Gainera, denda propioak eta frankizia erakoak ireki ditu. Zehazki, 74 denda zabaldu ditu 2019an, 61 supermerkatu, gasolindegi bat, sei bidaia agentzia eta aisialdiko eta kirolerako bost denda, baita Cash & Carry bat ere.

Guztira, sei milioi dira Eroskiren bazkide-bezeroak, Eroski Club, Caprabo eta Forum Sport txartelekin. Enpresak dio 308 milioi euroko aurrezpena eman diela bezeroei eskaintza eta sustapenetan 2019an. Euskal Herrian, Herrialde Katalanetan, Galizian eta Espainian (Asturiasen, Kantabrian, Aragoin), 1.654 saltokiko sare komertziala du. Gaur egun 32.000 bazkide kooperatibistari, soldatapekori eta frankizia hartzaileri ematen die enplegua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.