Gorka Berasategi Otamendi.
ANALISIA

Puigdemont eta Europaren muga

2021eko urriaren 6a
00:00
Entzun
Italiako justiziak Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiaren kontrako euroagindua baztertu ondotik, «Espainiaren estrategiaren porrota» baieztatu egin da, Puigdemonten beraren esanetan. Egia da Espainiako justiziaren jokabidea Europako beste hainbat estaturen irizpideen kontrakoa dela, eta Europako zuzenbideko zenbait irizpideri muzin egin diola. Kontua da EB Europako Batasunak zenbateraino onar dezakeen egoera hori, Espainiari konturik eskatu gabe. Puigdemonten defentsaren arabera, Europa hurbiltzen ari da barne kontraesan horren mugara, eta testuinguru horretan ulertu behar dira Puigdemontek EBri zuzendu zizkion mezuak.

«Garaia da, Espainiako agintariak ez ezik, Europako agintariak ere ohartu daitezen gatazka honen egiazko tamainaz», adierazi zuen eurodiputatu erbesteratuak. Eta hipotesi bat bota zuen: demagun Puigdemont edo haren gobernuan kontseilari izan ziren Clara Ponsati edo Toni Comin eurodiputatuak —horien kontra ere euroagindua igorria du Espainiako Auzitegi Gorenak— Europako Parlamentuko ordezkaritza baten parte direla, eta EBtik kanpoko estatu batera bidaiatzen dutela beren jardun politikoan. Zer gertatuko litzateke hirugarren estatu horrek eurodiputatu kataluniar horietako bat atxilotuko balu?

«Posible litzateke Europako zuzenbidearen salbuespen espainiar horren ondorioz Europako Parlamentuak arazo bat izatea bere kideetako bat atxilotu dutelako? Europaren arazoa dela diogunean, horrelako gauzei buruz ari gara», ohartarazi zuen .

Horrelako egoera batek EBri eragin ahalko lizkiokeen buruhausteetatik harago, bestelako erronka bat ere badakar Espainiaren salbuespenak: Europako zuzenbidea batasuneko estatu kideetan era homogeneo batean ezartzeko ezintasuna. Puigdemonten kontrako euroaginduarekin gertatu dena oso adierazgarria izan da alde horretatik.

Europako Justizia Auzitegiak adierazi zuen Puigdemonten, Cominen eta Ponsatiren kontrako Espainiaratze eskariak etentzat jo behar zirela, Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko magistratuak auzitegi horretan bertan euroaginduen gaineko arazo aurrejudizial bat aurkeztu zuelako. Gaineratu zuenez, Espainiako Estatuak baieztatu zion euroagindu horien indargabetzea, eta, horrez gain, eurodiputatuei immunitatea itzultzeko aukera aurreikusi zuen, atxilotze arriskuan egongo balira. Eurodiputatuek suplikatorioaren kontra aurkeztu zuten helegitea aztertu behar du Luxenburgoko auzitegiak, eta azken erabakia hartu artean berme horiek aitortu zizkien Puigdemonti, Ponsatiri eta Comini.

Irizpide berari jarraitu dio Italiako justiziak Puigdemonten kontrako euroagindua baztertzeko, eta gauza bera egin zuen aurretik Belgikak.

Llarena magistratuak, ordea, euroaginduak eteteko eskumena berea dela argudiatu zuen. Arrazoia du. Europako Justizia Auzitegian arazo aurrejudizial bat aurkezteak ez du behartzen euroaginduak indargabetzera. Baina hala ez egiteak Europako Justizia Auzitegiak estatuei eginiko gomendioak ez betetzea dakar.

Zuzeneko talka saihestearren, Llarenak oinarri eskaseko azalpena eman du: euroagindua kautelazko neurria dela, eta, gomendioek dioten moduan, ez dituela kautelazko neurriak zertan eten. Funtsik gabeko argudioa da, hain justu, euroaginduen gaineko argibideak eskatu dizkiolako Luxenburgori, eta ez duelako zentzurik argitzeko dagoen neurri hori kautelaz ezarri nahi izateak.

Pentsa daiteke Luxenburgoko epaileek ez dituztela atsegin handiz hartuko halakoak. Ez da, gainera, Espainiako Auzitegi Gorenak gauza bera egiten duen lehen aldia. Manuel Marchena magistratuak, Kataluniako bederatzi buruzagi independentista sedizioagatik zigortu zituenak, arazo aurrejudizial bat aurkeztu zion Europako Justizia Auzitegiari Oriol Junquerasek immunitaterik bat ote zuen argitzeko, hura Europako hauteskundeetan diputatu aukeratua izan ostean. Marchena ez zen argibideen zain gelditu, eta Junqueras zigortu zuen. Luxenburgoko auzitegiak eurodiputatu izaera eta immunitatea aitortu zizkion, baina Marchenak ez zuen zigorra indargabetu, jada epaitua zegoelako.

Puigdemonten abokatu Gonzalo Boyek uste du halakoek Europako justiziaren erreakzioa eragin dezaketela. Hala adierazi zion Vilaweb-i, joan den larunbatean: «Europako Justizia Auzitegia nire katua bezalakoa da. Buztanetik heltzen ez diozun bitartean, oso amultsua; baina helduz gero, piztia bat». Abokatuak gogorarazi du Luxenburgoko auzitegiak baliabideak dituela Europako Batzordeari Espainiaren kontrako neurriak eskatzeko. Auzia oraindik ez da puntu horretara irisi, baina, Espainiak «atzera egiten ez badu», egoera hori izango dela aurreikusten du Boyek. «Espainia Europako araudia urratzera bultzatzen ari garela uste dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.