Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Diskrezioa

2018ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Urteekin apeta-zerrenda sortzen joan naiz. Guztietatik bada bat bereziki amorratzen nauena: ozen berba egitea. Tabernetan, metroan, kalean... Hegoaldean ondo ederto proiektatzen ditugu ahotsak, maiz baxuago berba egiteko eskatu behar izan baitiet ingurukoei. Garondoa umeltzen zaizun egun sapatsu horietako batean, kutunen artean dudan taberna batera sartu nintzen. Denbora tarte zehaztugabean bertan egoteko asmoa nuen. Sargoriak hiritarrak urruntzen ditu asfaltotik. Tabernaria eta biok geunden munduko espazio nare hartan. Laburbilduz, bakardadea okupatu daitekeen egun horietako bat zen hura. Leiho denak zabalik zituen tabernariak, eta bazter batean haizagailua ezintasuna zer zen erakusten ari zen. Haize lasterreko mahaian eseri nintzen. Edari hotza atera, eta liburua atera nuen. Pare bat kapitulu egon nintzen bake santuan laukote burrunbatsua sartu zen arte. Tabernaren hustasuna kolpean desagertu zen. Inertzia ulertezin bati egozten diot nire alboan jesarri izana, izan ere, tabernako mahai denak eskura izan eta hurbilen nuena hautatu zuten. Bai, nire alboan. Ez naiz batere asoziala, baina egun hartan, bero lar zegoen. Zinez aitortu behar dizut, irakurle estimatua: ez nuen belarria zabaldu. Zortzigarren kapituluan zegoen nire interesa. Baina ozen hitz egiten zuten. Ozenegi. Politika kontuez ari ziren. Norekin zer adostu, halako alderdiarekin ez halakoa zelako. Beste hurarekin ere ez, sekula ez duelako agindutakoa betetzen. Politikari honetaz ez zirela fidatzen. Anekdotak, eztabaidak, amore eman txikia egin behar zutela, negoziazioa kolokan zegoela... Orduan, disimuluan, begirada goratu nuen. Bai, politikari ezagunak ziren. Edari hotzak zituzten mahai gainean, eta paperak. Liburuan gorde nahi izan nuen burua, baina ozenegi hitz egiten zuten, eta ezinezkoa izan zen. Diskrezioa ahaztu zuten, edo ikusezin nintzen, bietako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.