Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Mitoen alde

2018ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Gaztelaniaz Wunderkammerrek argitaratu berria du Llega el rey cuando quiere, frantsesez Albin Michelek eman zuen Le roi vient quand il veut. Michoni egindako hamahiru elkarrizketa dira. Bigarrenean 1992ko udaberria zen eta Jérôme Giudicellik Pierre Michoni galdetu zion ea ba ote zegoen harremanik modernitatearen eta mitoen artean. Michonen ustez, garai guztiak oinarritzen dira mitoetan. Modernitateak figurak ere behar ditu bere teorizazioa haragitzeko.

Mitoa, Michonen aburuz, fikziozkoa da. Baina faltsutasun horrek egia sortzeko gaitasuna dauka. Norbaiten ala zerbaiten inguruko errelatoak sortzen diren unetik berezko balioa puztu eta moldatzen delako. Gezurrak eta akatsak lagunduta eskuratzen du benetako balioa mitoak. Benetakoa da «elkarrekin pentsatzeko eta hitz egiteko aukera eskaintzen digulako, elkarrekin zerbait atsegin dugulako». Michonek mitoa gauza historikoen zakuan sartzen du, ez eternitatearenean. Bere nobela laburretan Michonek ez ditu modernitateko mitoak—Van Gogh eta Rimbaud— desmitifikatu nahi izan. Astindu ditu, zalantzan jarri ditu, baina «amaieran beren aura ukitu gabe geratzen da», ez duelako «gelditzen zaizkigun figura kolektiboak suntsitzeko inolako asmorik».

Michonek onartzen du injustizia bat dela posteritateak Van Gogh edota Rimbaud hautatu izana Monticelli ala Boyer hautatu beharrean. Baina nabarmentzen du «ongi dagoela elkarrekin mirestea, behintzat zerbaitetan [mitoen existentzia onartzean] ados egotea». Bizitza guztiak ez direlako baliokideak. Horregatik, Michoni, bere eleberrietan gustatzen zaio mitoa, pisu handiko bizitza publikoa izan duena, pertsona ezezagun baten aldamenean jartzea, maila berean une batez. Gero balantza berriz martxan jartzeko, postmodernoak zirikatzeko. Horiek diotelako pertsona guztiak direla baliokideak. Baina ez, «pertsona handiak gurtu behar dira» James Ageek zioen bezala, «izan Alabamako baserritar xumeak ala Olinpoko poetak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.