maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Bi frantses Larrainen

2018ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Basabürüko lurretan egun-pasa egin ondoren Larrainen gelditu nintzen etxera bidean trago bat hartzera, eta hara non, bi frantses ondoko mahaian, hizketan hasi zitzaizkidan. Mendi hura eta bestea non zeuden azaltzen, azentua edo trakeskeria nabarituko zizkidaten, galdegin baitzidaten nongoa ote nintzen: espainola edo frantsesa. «Euskalduna» erantzun nien, noski. Eta haiek berriro, orduan: «Baina euskaldun frantsesa ala euskaldun espainola?». «Euskaldun euskalduna», nik; eta irri karkaila maltzur bat aurpegira: «Hori ez da existitzen, ezinezkoa da». Saiatu nintzen azaltzen nire herria, hizkuntza eta identitatea, baina behin eta berriro haiek, ezinezkoa zela: nire nortasun agirian jarriko zuela beste zerbait. Eta nik, berriro: paperean hori jarriagatik ere ni euskalduna sentitu bakarrik ez, hala naizela, eta puntu; atzizkirik gabe. Baretu zen giroa, baina estralurtarra banintz bezala entzun ninduten esan nienean euskaraz irakurri eta idazten nuela eta euskarazko unibertsitatea badela.

Ez ziren urrutikoak: Dordoinakoak. Eta ez dut uste jende gaiztoa zenik, batere. Baina haien eskemetan ez zen sartzen Frantziaren eta frantsesaren alterazio posiblerik: «Bretoiak, korsikarrak eta guztiak hala hasten bazarete, gu, zer?».

Ez zaizkit gustatzen orokortasunak, baina esango nuke bi horien pentsaera ez dela salbuespena: oro har frantses jendeak gurekiko duen jarrera bete-betean islatzen duela. Eta halako mespretxua jasota, ez da harritzekoa herritar batzuek, euren ama hizkuntzarekiko lotsa sentitu, eta transmisioari uko egitea.

Horregatik dira hain beharrezkoak ikastolak Ipar Euskal Herrian. Irakasle batek sartzeko elkarretaratzean erran bezala, Lapurdin, Baxenabarren eta Zuberoan euskararen garapenaren berme direlako. Eta horregatik txalogarriak, halaber, azken egunotan Seaskak egin dituen protesta zaratatsuak. Ea hala entzuten gaituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.