Garazi Arrula Ruiz.
LARREPETIT

Inuxente

2018ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Ez Katedral ez ermita. Pelegrinazio behartu gehiagorik ez. Ostiraletan ez dugu poteatzera edo antzokira joatea beste hitzordurik izanen arratseko zortzietan. Azken ostiralak ez du lehen ostiralak baino esanahi handiagoa izanen, kronologikoa ez bada. Ehunka herritarren milaka lagun eta senidek ez dituzte baldintzaturik izanen asteburuak, oporrak, deiak. Familiak bestelako arrazoiengatik hautsiko dira, hautsi behar direnean, eta ezkontzak ez dira bisitaldien mende eginen. Osasun arazoei ez zaizkie gehitu beharko espetxe bateko baldintza eskasak edo bakartzeen kezka. Aulki hutsak hildakoen eta nahita joandakoen oroimenez gordeko ditugu hutsik, edo, beharbada, bestelako gerra batzuetatik ihes eginda gurera etorritakoei eskainiko. Gorputzari kasu egiten ikasiko dugu, eta arrazoi hutsez jarduten desikasiko. Gure hiztegian, eremu semantiko baten erabilera txikituko da nabarmen. Hautu politiko bat egiteak ez du Olarizuko gurutzea bezain ezegonkor bihurtuko norberaren eta ingurukoen bizia. Mehatxuek eta mendekuak ez dute adierazle judizialik izanen. Sinbologia berria eraikiko dugu, eta lilia, giltza, gezi parea eta esku-argia izanen dira, ezagutu ez dutenentzat, lili, giltza, gezi pare eta esku-argi, ez besterik. Leku eta indar eginen diegu beste borroka, zaintza, irakurketa eta ohitura batzuei, urteotan ikasitako erantzukizunaz eta konpromisoz, beste bat dela abiapuntua, beste bat jomuga.

Memoria lantzeko unitate didaktikoen, adierazpen artistikoen eta sutondoko historien bidez jasoko dute biharkoek atzoko gatazka armatu eta politikoaren berri. Memoria ariketak izanen dira. Batailatxoak irudituko zaizkie.

Betor datorrena, eta betor Tafallan entzundako jotak dioen eran: «Enaren askatasunaz / eta lilien distiraz / horrela itzuliko dira / guztiak Euskal Herrira». Bada garaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.