LARREPETIT

Gorazarre

Garazi Arrula Ruiz -

2019ko uztailak 12
«Problema bat duzu data ukiezinekin», esan izan digute lagun ez nafarrek nafar bati baino gehiagori, sanferminak direla-eta nekez goazelako oporretan edo, bezperan, arropa zuri-gorriak prestatu ostean, ezin lokartu gabiltzalako. Baliteke hala izatea, eta izan dadila problema oro hau bezain gustagarria. Zeren hala bereizten ahal dira jaietara etorritakoak, nafarrak eta ez nafarrak, iruindar ez garen nafarrok ere autoktonotasun suhar bera sentitzen baitugu egunotan kapitalean; bisitariekin konparazioan ari garelako, segur aski.

Aurten, gainera, hurrengo sanferminetako inkognita dela eta, aprobetxatu behar bat sumatzen da giroan. Horrek bultzatuta herri mugimenduek harturiko guneen bila genbiltzala, iruindar adiskide batek erantzun zigun inguruan genuen horixe zirela herri sanferminak: kaleak jendez lepo tabernatik datorren musikarekin dantzan edo taldetxo bat a cappella kantuan edo mundua konpondu nahian edo dena delakotan, pixa, ardo eta parrilan erretako odolki usaina airean dela. Dena delakoak ugariak baitira hiri buruzagian. Arrazoi zuen, nola ez, Anderrek; ez da alferrik autoktono-autoktonoa.

Hain «inkognita» izan ez dadin, etorkizun nahiko lukeen horren ahal beste pista eman dizkigu Maia alkateak, «pertsona normalen gobernuko» buruak: hamaika kamera alde zaharrean, uniformez nahiz kalez jantzitako polizia armatuak nonahi, identifikazioak eta isunak entzierroan eta kontrolak hiri barruan eta kanpoan. Txupinazoan, ikurrina balkoian jarri nahi eta ezinean, 1977tik gertatu gabea; udaltzainekin liskar eta guzti aste batzuk lehenago haiekin biltzen zen udal koalizioa. Saiatu arren, ez dugu lortu zaldunak begiz jotzea, eta ezin identifikatu ditugu polizia italiarrak.

Bistan da: Anderrek aipaturiko herri sanferminak egiten aritzen den iruindar pila horrek —miresmena eta harrotasuna sorrarazten duten pertsona anormal horiek guztiek— beti bezain irudimentsu lortuko du hurrengoetan ere sanferminetako inkognita hauspotu eta zirikatzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna