Kargua eten diete kartzelan dauden diputatu katalan independentistei

Goreneko II. apelazio aretoak helegiteak ukatu ditu. Erabakiak Puigdemonti ere eragiten dio
Jordi Turull eta Josep Rull dira diputatu kargua galdu duten ordezkarietako batzuk. Irudian, Auzitegi Gorenean sartzear agertzen dira, joan den martxoan.
Jordi Turull eta Josep Rull dira diputatu kargua galdu duten ordezkarietako batzuk. Irudian, Auzitegi Gorenean sartzear agertzen dira, joan den martxoan. ZIPI / EFE

Ander Perez Zala -

2018ko uztailak 31
Espainiako Auzitegi Goreneko II. apelazio aretoak ez ditu onartu matxinada delituagatik auzipetuta eta kartzelatuta dauden politikari katalan independentisten helegiteak, eta atzo baieztatu egin zuen Pablo Llarena epailearen erabakia: Kataluniako Parlamentuko diputatu kargua eten die Oriol Junquerasi, Raul Romevari, Jordi Sanchezi, Josep Rulli, Jordi Turulli eta Belgikan erbestean dagoen Carles Puigdemonti. Llare nak Espainiako Prozedura Kriminalerako Legearen 384 bis artikulua aintzat hartu zuen erabakia hartzerakoan —«terrorismoaren kontrako borrokarako» sorturikoa—, eta II. apelazio aretoak arrazoia eman dio helegiteak ukatzean. Parlamentariei kargua etenda, subiranismoak gehiengoa galduko du ganberan, baldin eta ez badituzte auzipetuak beste diputatu batzuekin ordezkatzen.

II. apelazio aretoko hiru epaileek bere egin dute Goreneko epailearen argudioa, eta defendatu dute, atzo argitaratutako erabakian, Puigdemonten gobernuak «ekintza bortitzak sustatu» zituela. Horregatik, uste dute kargua etetea «neurrizko erabakia» dela, eta atea zabaldu dio Kataluniako Parlamentuari diputatu horien ordezkoak hauta ditzan; alegia, ganberak horretarako eskumena duela, eta Llarenari ez dagokiola aldaketa horietan agindurik ematea.

Orain, ikusteko dago zein izango den indar subiranisten eta Kataluniako Parlamentuaren erreakzioa. Ekainaren 28an, Sergi Sabria ERC Kataluniako Ezker Errepublikanoko diputatuak nabarmendu zuen legebiltzarraren «subiranotasuna» defendatzea dagokiela atzo atera zen erabakiaren aurrean, eta, parlamentuaren arautegiak dioenez, diputatu bati kargua eteteko bozketa bat egin beharko litzateke ganberan, eta bozketan gehiengo osoa lortu. Kanpoko eragileek —kasu honetan Gorenak— ez lukete eskumenik kargu hori eteteko, Sabriaren arabera. Ordea, ERC eta JxC Junts Per Catalunya ez dira ados jarri nola erantzungo dioten etete horri, eta urrirako utziko dute erreakzio komuna zehaztea.

Llarenak hilaren 13an eman zuen diputatuei kargua eteteko erabakia, eta egun horretaz geroztik ez dute soldatarik jaso. Udazkenean da hastekoa haien kontrako ahozko epaiketa, eta delitu horrengatiko kartzela zigorra 30 urtekoa da gehienez. Matxinadagatik auzipetuta daude, era berean, Joaquim Forn, Clara Ponsati, Dolors Bassa, Marta Rovira, Carme Forcadell eta Jordi Cuixart; denera, 25 buruzagi subiranista daude auzipetuta.

PDeCATen bideak

Egun berean, PDeCAT Alderdi Demokrata Europar Katalanaren zuzendaritza berriak lehen bilera egin zuen. David Bonvehi alderdiko presidenteak bilkuraren ostean jakinarazi zuenez, PDeCATek «beti izan du lehen helburutzat erreferendum adostu bat» lortzea, baina ez zuen baztertu «bestelako bideak» hartzea, Madrilek «trabatuta» jarraitzen badu irtenbideren bat proposatzerakoan. «Bakezaletasunetik eta gehiengo parlamentariotik ez dugu biderik baztertuko», adierazi zuen alderdiaren presidenteak.

Bonvehi Espainiaren eta Kataluniaren aldebiko batzordeaz ere mintzatu zen. 2011tik dago etenda, eta, Pedro Sanchez Espainiako presidentearen eta Quim Torra Kataluniakoaren lehen bileraren ostean, bi gobernuek adostu zuten batzorde hori berriz ere martxan jartzea; bihar batzartuko dira bi gobernuetako ordezkariak, eta, bilera horri begira, PDeCATeko presidenteak adierazi zuen «konfiantza osoa» duela Kataluniako Gobernuko kideengan, bilera arrakastatsua izan dadin.

Hirugarren gai batez ere eman zuen iritzia Bonvehi. Espainiako errege Felipe VI.arekin batzartzearen inguruan aritu zen, eta baldintza bakarra jarri zuen: barkamena eska dezala iazko urriaren 3an Kataluniako independentisten aurka egindako adierazpenengatik. Izan ere, Baltasar Picornell Balearretako Parlamentuko (Herrialde Katalana) presidenteak atzo jakinarazi zuen Espainiako monarka prest dagoela Kataluniako indar subiranistekin batzartzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna