Europako erakundeak. Kataluniako diputatuak

Kataluniarren protesten artean osatu dute Europako Parlamentua

Puigdemont, Junqueras eta Comin diputatu hautatuen falta salatu dute milaka independentistak

Milaka independentista katalanek egin zuten protesta Europako Parlamentuaren aurrean, Estrasburgon, atzo goizean. PATRICK SEEGER / EFE.
Andoni Imaz.
2019ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Europako Parlamentua osatzeko saioa egin zuten atzo Estrasburgon (Frantzia). Ordu erdi ere iraun ez zuen saio sinbolikoa izan zen, baina protestarako aukera baliatu zuten zenbait eurodiputatuk: Carles Puigdemont, Oriol Junqueras eta Toni Comin han ez egotea gaitzetsi zuten batzuek, eta brexit-aren aldeko zein kontrako mezuak zabaldu zituzten Erresuma Batuko hautetsiek. Gaur elkartuko dira berriz, eta parlamentuko presidentea eta hamalau presidenteordeak aukeratuko dituzte.

10:00etan abiatu zuten saioa, talde parlamentarioetako kideen kargu hartzearekin. Maiatzaren 26ko hauteskundeen ondoren, Europako Alderdi Popularrak du eurodiputatu gehien (180), eta atzetik du Sozialista Europarren Alderdia (145). Berrogeina ordezkari galdu dituzte aurreko legealditik, eta ez dute gehiengo osorik. Liberalekin —orain Europa Berritu dute izena— eta Europako Alderdi Berdearekin akordioak lortu beharko dituzte.

751 eurodiputatu hautatu zituzten hauteskundeetan, baina Kataluniako hiru falta ziren atzo: Puigdemont, Junqueras eta Comin. EB Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak baztertu egin zuen Puigdemonten eta Cominen aldeko kautela neurriak hartu eta behin-behinean eurodiputatu gisa aitortzea. Hala, parlamentura sartzeko aukerarik ez zutela izango jakin zuten. Erbestean daude biak, eta Espainian haien kontrako atxilotze agindua dago indarrean. Junqueras, berriz, espetxean dago, behin-behinean, matxinada delitua leporatuta.

Kataluniako Errepublikaren Kontseiluak manifestaziora deitu zuen Europako Parlamentu aurrean, eta 10.000 pertsona elkartu ziren, Estrasburgoko Poliziaren arabera, hiru politikari hautetsiek beren kargua har dezatela eskatzeko. Puigdemontek eta Cominek manifestaziora ez joatea erabaki zuten, Frantzian atxilotuak izateko arriskuagatik. Puigdemontek bideo bat grabatu zuen Alemaniak Frantziarekin duen mugan, eta Europako Parlamentuaren «joera errepresiogile eta autoritarioa» salatu zuen.

Ereserkiari bizkarra

Hiru eserleku huts egon ziren ganberan, baina hainbat europarlamentarik Puigdemont, Junqueras eta Cominen argazkiak erakutsi zituzten. Irlandako Sinn Fein alderdiko Matt Carthyk hartu zuen hitza parlamentuan, eta Antonio Tajani jarduneko presidenteari eskatu zion «demokrazia eta giza eskubideak indartzeko» Europan. «Ganberak kataluniarren botoak aintzat hartzen ez baditu, etxearen sinesgarritasuna jokoan egongo da», esan zuen Carthyk.

Kolore hori ugari egon zen atzoko saioan, baina ez Kataluniako politikariei babesa adierazteko soilik. Erresuma Batuko Liberal Demokratek brexit-aren aurkako elastiko horiak eraman zituzten. Protagonismoa, ordea, Brexit Alderdiak lortu zuen: saxofoi laukote bat eta opera kantari bat Ludwig van Beethovenen Ode to Joy jotzen hasi zirenean, alderdiko 29 europarlamentariek bizkarra eman zioten Europako ereserkiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.