Oposizioak Venezuelako behin-behineko presidente izendatu du Juan Guaido

Guaido parlamentura sartzea eragozten saiatu da polizia, baina hesia gainditzea lortu du. Madurok adierazi du ezingo dituztela garaitu

Juan Guaido oposizioko burua, atzo, Venezuelako Parlamentuan, Caracasen. MIGUEL GUTIERREZ / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Oposizioko gehiengoak Juan Guaido aukeratu zuen berriro Venezuelako behin-behineko presidente, atzo, Batzar Nazionalean egin zuten saio malkartsuan. «Venezuelaren izenean, zin egiten dut behin-behineko presidente karguaren eginkizunak beteko ditudala, eta krisiari irtenbidea bilatuko diodala duin bizi ahal izateko eta Venezuelaren normaltasuna berreskuratzeko», adierazi zuen Guaidok, presidente izendatu berritan.

Oposizioaren buruak esana zuen asteartean egingo zutela Batzar Nazionalaren ohiko bilkura, igandean Luis Parra ganberako presidente hautatu izana kontuan hartu gabe, eta ezer gertatu izan ez balitz bezala. Alabaina, GNB Guardia Nazional Bolivartarrak parlamenturako sarrera galarazi zien Guaidori eta hura babesten duten ehun diputaturi.

Saioa hasi eta minutu gutxira, oposizioko diputatu batzuk sartu ziren bilkura aretora, «ez dago quorumik, hau ez da legezkoa» oihukatuz. Horrek ez zuen oztopatu eztabaida, eta, Parra buru, agendako lehen puntua lantzen hasi ziren: erregai eskasia. Bitartean, parlamentura sartzeko saiakeretan zebilen Guaido, eta «diktadorea» eta «koldarra» izatea leporatu zion Nicolas Maduro Venezuelako presidenteari, Batzar Nazionala «militarizatzeagatik». Horrez gain, adierazi zuen ahal zuten «guztia» egingo zutela saioa egiteko. Batzar Nazionalera sartzeko ahaleginetan jarraitu zuen, lortu arte. Poliziek osatutako segurtasun hesia gainditu zuen —ordurako bilkura amaitua zuten chavistek—, eta, saioaren agintea hartuta, oposizioak Venezuelako behin-behineko presidente izendatu zuen, baita Batzar Nazionalekoa ere.

Azkar iritsi zen Maduroren erantzuna, eta nabarmendu zuen «motibatuta» dagoela «bakearen» alde lan egiteko: «Venezuelari lasaitasuna kendu nahi diotenek porrot egingo dute. Ezingo dute gurekin!», idatzi zuen bere Twitterreko kontuan.

Haustura Venezuelan

Maduro buru duen gobernuaren eta oposizioaren arteko arrakala eta haustura agerian geratu dira beste behin. Guaidok duela urtebete hasi zuen Maduroren aurkako borroka: Batzar Nazionaleko presidente hautatu zuten, eta, hortik bi astera, mobilizazio jendetsu baten erdian, herrialdeko presidente izendatu zuen bere burua; iazko urtarrilaren 23an, hain zuzen. Orduan azpimarratu zuen «usurpazioa eteteko, trantsiziorako gobernu bat sortzeko eta hauteskunde libreak egiteko» egin zuela urratsa. Guaidok bere alde izan ditu herrialde ugari; horien artean daude, besteak beste, AEBak, Europako Batasuna eta Latinoamerikako gobernu gehienak. Halere, urtebetean ez du beste mugimendu esanguratsurik egin. Iragan azaroan, Jeanine Añezek bere burua Boliviako presidente izendatu zuenean, oposizioko burua saiatu zen berriro Maduroren aurkakoak mobilizatzen, baina ez zuen kolpe indartsurik eman igandeko bozketara arte.

Hain zuzen, Batzar Nazionaleko diputatuek bozkatu behar zuten ea Guaidok parlamentuko presidente izaten jarraituko zuen ala ez. Guaido bera eta oposizioko gainontzeko kideak, ordea, polizien kontroletan atxiki zituzten, eta ez zieten utzi parlamentura sartzen. Maduroren aldekoek Luis Parra izendatu zuten ganberako presidente, eta oposiziokoek bozketa paralelo bat antolatu zuten, Guaido berriz hautatzeko. Batzar Nazionalean Guaidori eginiko betoa haren aurkako «estatu kolpea» zela salatu zuen oposizioko buruak. Atzoko saioari begira, berriz, esan zuen ez dela parlamentua «jokoan dagoena» , baizik eta herrialdea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.