Koronabirusa munduan

Krisiaren erantzunaren «ebaluazio independente» bat babestu du OMEk

Estatu gehienek erakundea babestu dute pandemiaren kudeaketa gidatzen jarraitzeko

Tedros Adhanom, Osasunaren Mundu Erakundeko zuzendaria. SALVATORE DI NOLFI / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
«Nazioek botere ekonomikoa, militarra eta teknologikoa izan arren, mikrobio txiki honek umiliatu egin gaitu», onartu zuen atzo Tedros Adhanom OME Osasunaren Mundu Erakundeko zuzendariak, eta birusaren aurka lanean jarraitzeko premia azpimarratu zuen. Hain zuzen, Osasunaren Munduko Batzarrari ekiteko hitzaldian egin zituen adierazpen horiek. Berezia izaten ari da aurtengo saioa. Pandemiak sortu duen testuinguruak formatua moldatzera behartu du, eta modu birtual eta laburtuan egiten ari dira: bi egun iraungo du —gaur amaituko da—, eta nagusiki pandemian oinarrituta dago landu nahi duten agenda.

Horien artean, Europako Batasunak aurkeztutako ebazpena jorratu zuten atzo: hain zuzen, OMEk koordinatu duen nazioarteko osasun erantzuna aztertze aldera, «ebaluazio inpartzial, independente eta sakonekoa» egiteko eskatzen diote. Hala, erakundeak babestu egin zuen ikerketa prozesu hori abiatzea: «Ahal dudanean nik neuk hasiko dut ebaluazio independente bat pandemiei erantzuteko gaitasuna hobetuko duten ikasitako ikasgaiak aztertzeko eta gomendioak emateko, nazio eta mundu mailan». Haatik, OMEren Ikuskapeneko Batzorde Independenteak jasotako txostenaren arabera, ebaluazio horrek COVID-19ari aurre egiteko estatu kideek eginiko ekintzak ere ikertu beharko ditu.

Modu horretan, Tedrosek «gardentasunez» jokatzearekin eta «etengabeko hobekuntza» lortzen saiatzearekin konprometituta daudela ziurtatu zuen. Batzarrean ordezkari gehienen babesa jaso zuen erakundeak, eta, hori dela eta, erantzun globalean lidergoa izaten segitzeko indartuta atera zen. Hala ere, jaso zuen kritikarik. Azken asteetan, Washingtonek gogor salatu du OMEren jokabidea, eta bide berean aritu zen atzo Alex Azar AEBetako Osasun idazkaria. Adierazi zuenez, erakunde horrek «porrot egin du pandemiari buruzko informazioa nazioarteko komunitatearekin partekatzeko bere misioan», eta erantzukizunak bere gain hartzeko eskatu zion. «Hau ezin da berriro gertatu; OMEk askoz gardenagoa izan behar du, eta kontuak eman».

Bestetik, Europako Batasunak abiatutako testuan, OMEri ere eskatzen zaio, besteak beste, «birusaren jatorri zoonotikoa identifikatzeko eta hori gizakien artean zer bidetatik sartu zen zehazteko. Bereziki lekuan bertan egindako misio zientifikoen eta lankidetzaren bidez».

Orain arte, Pekinek uko egin die AEB Ameriketako Estatu Batuek edo Australiak egindako ikerketa eskaerei. Hain justu, herrialde horiek presio egin diote Txinari, datuen eta gertaeren inguruko gardentasun falta egotziz. Xi Jinping presidenteak atzo eginiko hitzaldian, baina, esan zuen epidemiari emandako erantzunaren «berrikuspen integrala» babestuko duela «pandemia kontrolpean dagoenean». Gaineratu zuen hori OMEren ikuskaritzapean eta modu «objektibo eta inpartzialean» egin beharko dela.

Horrez gain, iragarri zuen bere herrialdeak 2.000 milioi dolarreko laguntza eskainiko duela bi urtean pandemiak kalte egindako herrialdeei laguntzeko, «bereziki estaturik txiroenei». Pekinek garatzen dituen txertoak, berriz, «ondasun publiko global gisa» erabilgarri egongo direla azpimarratu zuen, garapen bidean dauden herrialde guztientzat eskuragarriak izan daitezen.

Testuinguru horretan, neurriak arintzen hasi diren estatuei arduraz jokatzeko deia egin zien OMEk. Munduko biztanle gehienek oraindik ere gaixotzeko arriskua dutela gogorarazi zuen. Emandako datuen arabera, gehien kaltetutako eskualdeetan herritarren % 20 inguruk garatu dituzte antigorputzak, eta, oro har, biztanleriaren % 10ak baino gutxiagok dute immunitatea.

Taiwan, batzarretik kanpo

OMEren kide diren 194 herrialdeetako ordezkariek hartu zuten parte batzarrean. Hala, Taiwanek bileratik kanpo utzi zutela salatu zuen. «Galera bat da OMErentzat Taiwango eredua ezin partekatzea hain bilera garrantzitsuan». Hain zuzen, aurretik eskaera egin zuten behatzaile moduan parte hartu eta haien esperientzia kontatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.