Kataluniako Parlamentuko aurreko mahaia, desobedientziagatik zigortua

Kataluniako Auzitegi Nagusiak hogei hileko inhabilitazioa eta 30.000 euroko isuna ezarri die

Kataluniako Auzitegi Nagusiak zigortutako mahaiko lau kide ohiak eta Mireia Boya diputatu ohia, joan den uztailaren 21ean, epaiketara bidean. QUIQUE GARCIA / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Espainiako Estatuaren «beste eraso bat» Kataluniako Parlamentuaren eta adierazpen askatasunaren kontra. Independentismoak zuzenbide estatuaren kontrakotzat jo du Kataluniako Auzitegi Nagusiak joan den legealdian Kataluniako Parlamentuko Mahaia osatu zuten lau kideren kontra eman duen epaia: urtebete eta zortzi hilabeterako inhabilitatu ditu Lluis Corominas, Ramona Barrufet eta Lluis Guino JxC Junts per Catalunyako kideak, eta Anna Simo ERC Esquerra Republicanakoa. Hogei hilabetez, ezin izango dute hautetsi izan. Horrez gain, 30.000 euroko isuna ordaindu beharko dute. Epaimahaiak errudun jo zituen desobedientziagatik, atzo.

Delitu berarengatik auzipetuta zegoen Mireia Boya CUPeko diputatu ohia ere, baina, auzitegiaren iritziz, hari ezin zaio errurik egotzi, Auzitegi Konstituzionalak ez zuelako bere izenez ohartarazi,eta ez zuelako delitua leporatzeko moduko parte hartzea izan epaitutako gertaeretan.

Auzi horretatik kanpo gelditu zen Carme Forcadell aurreko legealdian Kataluniako Parlamentuko presidente izan zena, justiziak haren kontrako epaiketa Espainiako Auzitegi Gorenera bideratzea erabaki zuelako, Kataluniako prozesu subiranista sustatzeagatik kartzelan dauden gainerako buruzagi independentistenekin batera. Egun, Bartzelonako Wadras kartzelan dago; Gorenak 11 urteko espetxe zigorra ezarri zion iazko urriaren 14an.

Josep Nuet mahai bereko kidearen egoera da argitzeko falta den bakarra. Haren kontrako auzia ere Gorenean erabakiko da; Espainiako Kongresuan ERCren diputatu denez, foruduna delako.

Eztabaida eragotzi

Kataluniako Auzitegi Nagusiaren sententziak jasotzen duenez, Corominasek, Simok, Barrufetek eta Guinok behin eta berriz desobeditu zioten Espainiako Auzitegi Konstituzionalari, deskonexiorako legeen eta prozesu independentistari bultzada eman zioten beste lege batzuen eztabaida baimentzean, 2017ko udazkenean. Epaimahaiaren iritziz, mahaiko kideak Konstituzionalari men egitera derrigortuta zeuden, eta, beraz, lege horien eztabaida eragoztera.

Alderdi eta eragile independentistek adierazi dute erabakiak agerian uzten duela, beste behin, Espainiaren «zalantzazko kalitate demokratikoa», eta nabarmendu dute parlamentuan eztabaida bat baimentzeagatik zigortu dituztela mahaiko lau kideak.

Elsa Artadi JxCren bozeramaileak ohartarazi du independentismoak ekinean jarraituko duela «eskubide politikoen urraketen aurrean».ERCko bozeramaile Marta Vilaltaren esanetan, auzitegiaren zigorra «astakeria demokratikoa» da, eta «parlamentarismoa jazartzea» leporatu dio Espainiako Estatuari. JxCk bezala, ERCk ere «errepresioari buru egitera» deitu du, eta autodeterminazioaren eta amnistiaren alde lan egiten jarraitzera.

Absolbitu egin duten arren, kritiko mintzatu da Boya. «Bi urte eta erdi independentzian pentsatu dezakegula, baina ezin dezakegula tramitatu esateko». Boyak adierazi du ezin dela «pozik» egon, bere lankideak zigortu dituztelako hark sinatu eta erregistratu zituen bi legeri buruzko eztabaida baimentzeagatik. «Justiziaren partzialtasuna» salatu du.

Erbestetik, mahaiko lau kideren kontrako epaiaren kontra egin du Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiak ere: «Errepresioak jarraitzen du, baina geroz eta molde zentzugabeagoekin. Orain parlamentuko mahaia zigortzen dute, hain justu, parlamentu gisa jarduteagatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.