Jerusalem ekialdean etxegabetzeak eteteko eskatu dio NBEk Israeli

Auzitegiek 50 palestinar auzotik kanporatzea ebatzi dute. Soldaduek bi herritar hil dituzte

Israelgo soldadu batzuk, sutan dagoen auto bati begira, herenegun, Jerusalemen. ABIR SULTAN / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Jerusalem ekialdeko Shek Jarrah auzoko 50 palestinar inguru etxegabetzearen alde ebatzi zuen Israelgo auzitegi batek herenegun.NBE Nazio Batuen Erakundeak erabakiaren aurka egin du, eta Tel Avivi exijitu dio prozesua bertan behera uzteko, «gerra krimentzat» har daitekeela argudiatuta. Ebazpenaren ondorioz, jada martxan zeuden protestak areagotu dira hirian eta Zisjordanian, eta Israelgo indar armatuek bi palestinar hil zituzten atzo.

Auzitegiek men egin diete israeldar kolonoek osatutako Nahalat Shimon erakundearen eskaerei, argudiatuta eremu hori juduena zela 1948 aurretik. Gauzak hala, «errefuxiatu izaera duten zortzi familia palestinar» etxetik indarrez kanporatuak izateko arriskuan daude, NBEren Giza Eskubideen goi mandatari Rupert Colvilleren esanetan: «Kanporatzeek, besteak beste, desjabetuen etxebizitza eta pribatutasun eskubideak urratzen ditu». Are gehiago, uste du etxegabetze horiek gauzatzea «giza eskubideak urraketa bat» litzatekeela. Izan ere, erabaki horren oinarrian dagoen legedia «diskriminatzailea» dela nabarmendu du, «ondasunaren jabeen nazionalitatean soilik oinarritua».

NBEren arabera, etxegabetzeen helburua kolono talde berriak auzo hartan kokatzea erraztuko lukeen «indarkeria giro bat» ezartzea litzateke, «nazioarteko legediaren aurkakoa» dena. Hala zehazten dute Segurtasun Kontseiluaren ebazpenek ere, nabarmenduta Tel Avivek Jerusalem ekialdearen «estatusa aldatzera bideratutako neurriak» legez kanpokoak direla, «lurren eta ondasunen desjabetzea barne». Izan ere, Colvillek adierazi duenez, Jerusalem ekialdea «Palestinako lurralde okupatuaren parte» da, eta, ondorioz, «indar okupatzaileak hango jabetza pribatuak errespetatu beharra» ditu: «Israelek ezin ditu bere legeak inposatu».

Beraz, Tel Avivi eskatu dio «berehala» geratzeko desjabetze prozesuak eta herritarrak eremutik ihes egitea eragin dezaketen gainerako jarduerak. Izan ere, herenegungo ebazpenak eragiten dieten familiak icebergaren punta besterik ez dira. NBEren OCHA Gai Humanitarioen Koordinaziorako Erakundearen arabera, iaz 218 familia palestinar zeuden Jerusalem ekialdetik kanporatuak izateko arriskuan.

Egoera gaiztotzen

Egoerak are gehiago harrotu ditu hautsak, tentsioa etengabe gorantz doan eremuan. Azken asteetan, Ramadanarekin batera, gora egin dute protestek Jerusalem ekialdean eta Zisjordanian, eta liskar ugari izan dira Israelgo soldaduekin. Besteak beste, herenegun, auzitegiaren ebazpenaren aurka eginiko protestetan hamabost lagun atxilotu zituzten. Israeldar batek hainbat tiro ere jo zituen, The Times of Israel egunkariaren arabera, inor zauritu gabe.

Horrez gain, Israelgo indar armatuek bi palestinar hil eta beste bat larri zauritu zuten atzo, Jeninen, Zisjordanian. Armadaren esanetan, haiek Salemgo base militarreko atearen aurka tiro egin zuten, eta mugako poliziek eta soldaduek horiek «neutralizatuz» erantzun zuten. Aurrez, asteazkenean, 16 urteko gazte palestinar bat ere hil zuten, Nablus inguruan; eta, igandean, beste emakume bat, ustez hark labana batekin eraso egin ostean. Bestalde, 44 urteko gizonezko bat ere atxilotu dute, igandean 19 urteko israeldar bat hiltzeaz akusatuta.

Jerusalem ekialdearen kolonizazio prozesua, ordea, ez da palestinarrek kalera ateratzeko duten arrazoi bakarra. Ramadan betean daude musulmanak, baina Israelek debekatu egin die horiei hiriaren kanpoaldean dagoen Damaskoko Atearen aurrean elkartzea —han biltzeko ohitura dute iluntzeko otoitzen ostean—. Horrez gain, Tel Avivek hirian hauteslekuak jartzearen aurka erakutsitako jarrerak maiatzerako aurreikusita zeuden bozak atzeratzera behartu du Palestina Aginte Nazionala.

Hori guztia kontuan izanik, Hamasen adar armatuak, Ezeldin al-Qassam brigadak, Israeli ohartarazi dio «gogotik» ordainduko duela Jerusalem ekialdeko herritarrei egiten dizkien kalteengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.