Mendebaldeko Sahararako autonomia defendatu du Marokok NBEren aurrean

De Misturak bira bat abiatu du Magreben, mandatari kargua hartu zuenetik lehena. Fronte Polisarioarekin ere elkartuko da, Aljerian

Burita Marokoko Atzerri ministroa —ezkerretik bigarrena—, atzoko bileran. EFE.
ander perez zala
2022ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Staffan de Mistura NBE Nazio Batuen Erakundearen Mendebaldeko Sahararako mandatariak kargu hori hartu osteko lehen bira abiatu zuen atzo Magreben, eta Maroko izan zuen lehen geltokia, hango Atzerri ministro Naser Buritarekin batzartu baitzen. Gatazka bideratzeko bainoago, aldeen jarreren eta helburuen berri izateko bidaiatzat jo dute De Misturaren bilera sorta, eta horren erakusle da Buritarekin izan duena, hark Marokoren proposamena berretsi baitzion: autonomia estatusa ematea Mendebaldeko Saharari.

Marokoko Atzerri ministroak NBEren mandatariari adierazi zion bere gobernua prest dagoela «irtenbide politiko bat» lortzeko, eta horri bide emango dion prozesu batean murgiltzeko. Horretarako, mahai inguruak egin nahi lituzke, gatazkako parte hartzaileekin eta aliatuekin: Maroko, Aljeria, Mauritania eta Fronte Polisarioa. Betiere, autonomia proposamena «oinarri hartuta».

Horst Koehlerrek, De Misturaren aurrekoak, sustatu zituen mahai inguru horiek, 2019. urtearen erdialdean, baina ez zuten arrakastarik izan, eta, aurrerapausorik ez zegoenez, dimisioa eman zuen. Gainera, harrezkeroztik, Aljeria formatu horretara itzultzearen aurka agertu da; hortaz, egungo kargudunak beste eredu bat adostu beharko du.

De Misturak iragan urrian hartu zuen NBEren Mendebaldeko Sahararako mandatari kargua—Siriarako mandatari berezia izan zen 2014tik 2018ra—, eta hilaren 19ra arte egingo duen bira du afera horretaz lehena. NBEren oharraren arabera, «prozesu politikoarentzako irtenbide eraikitzaile baterako aurrerapausoek» nolakoak izan behar duten jakin nahi du gatazkako alde guztiekin elkartuta.

Marokoko Gobernuarekin bildu ostean, Fronte Polisarioarekin elkartuko da mandataria, Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuetan, baita Aljeriako eta Mauritaniako gobernuekin ere; bihar da Marokotik hara joatekoa. Aldiz, badirudi ez dela joango lurralde okupatuetara, NBEk ez baitu horren berri eman De Misturaren bidaiaz aritzean.

Mandatariaren erronka, bi aldeak mahai beraren inguruan berriz elkartzea, ez da batere erraza izango, azken urteotan dezente okertu baita egoera. 2020ko azaroan, esaterako, Fronte Polisarioak hautsitzat jo zuen Marokorekin 1991n sinatu zuen su-etena, eta, hortaz, gerra egoera ezartzea erabaki zuen. Gerora, iragan abuztu amaieran, Aljeriak amaitu egin zituen Marokorekin zituen harremanak, eta horrek are gehiago okertu zuen testuingurua.

Hori kontuan harturik, Fronte Polisarioak itxaropen gutxi jarriak ditu egunotako biran, bere NBErako mandatari Sidi Mohamed Omarrek azaldu modura: «Ezin dugu iragarri zer gertatuko den. Itxaroten ari gara; [De Mistura] etor dadila, eta hark esan dezala. Ez dugu ezer haren aurka. Inpartzialtasuna eskatzen diogu, eta haren lanak oinarri izan ditzala NBEren ebazpenak».

Fronte Polisarioak Minurso NBEren misioari exijitzen dio bete dezala autodeterminazio erreferendum bat antolatzeko egindako promesa. Minurso 1991n eratu zuten, helburu hori betetzeko eta, era berean, su-etena zaintzeko.

Maroko beti agertu da galdeketa horren aurka, eta autonomia proposamenarekin erantzun du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.