Onintza Enbeita.
LARREPETIT

Jendea

2018ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Nahi gabe betetzen zaigu bizitza jendez. Gure aitonak bere bizitza guztian ezagutu zuen baino baino jende gehiago ezagutzen genuen guk unibertsitatera joan orduko. Askotariko jendea. Batzuk egunero ikusten ditugu, besteak familia bazkarietan, kafe makinaren aurrean ezer esan gabe hitz egiten duen jendea ia denok ezagutu dugu, larrutarako gogoa duenean bakarrik deitzen digunik ere bada, lankide ohiekin beti hitz egiten dugu izandako lan hartaz, gutxi dira hamar urtean behin edo ikusi arren irribarre bat lapurtzen digutenak, Durangoko Azokan bakarrik ikusten ditugunak ere badira, Ruperren antzokiko kontzertuko finkoak... eta jende horrek leku bat edo beste bat betetzen du gure bizitzan. Askotan ez da izango eurek nahiko luketen lekua, baina guk haien bizitzetan betetzen duguna ere beti ez da guk nahiko genukeena. Norbera baita bere bizitzan nori zein leku eman erabakitzen duena. Batzutan, ez beti, ematen den leku horren tamainak bat egiten du bizitza bietan: harenean eta zurean. Kasu horietan, kimika polita sortzen da, gozoa.

Horixe sentitu dut nik beti zurekin, Ramon. Egunero elkarrekin egon ez arren, ni noanerako zu bueltan etorri arren, zer edo zer eman izan diogula elkarri. Zuk gehien maite zenuen bermiotarrari biok batera adarra jotzen genionean egiten zenuen irribarre gaizto horrek konkistatu egiten ninduen, behin eta berriro. Bazterretako borroketan gorputza urratuta iritsi zinen Bermeoko Baztarrera, eta orain, handik hodeiertzera alde egin duzunean, ez dakigu zelan aterako zaitugun gure bihotzen zentrutik. Norbaiti entzun nion bizitza bi bizi nahi zituela maite zuen hura ahazteko. Nik bigarren bizitzarik banu, berriz egin nahi nuke topo zurekin Behargintzako bulego batean, euskara klaseetan, etorkizunaz eta iraganaz hizketan. Eta hortik aurrera, berriro egingo nizuke lekutxo bat nire bizitzan, berriz ere irribarre gaizto hori egin diezadazun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.