Goizalde Landabaso
LARREPETIT

TAO

2018ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Plumeroak berpiztu dira irailarekin, beste behin ere. Pozarren nago. Kitto amorru-orduak, frustrazioak, ezintasuna. Dagoeneko badut non utzi autoa Bilbon. Izan ere, norbaiti otu zitzaion abuztua TAO bako eremua izango zela. Alegia, hirira autoz etorriz gero aparkatzeko dirurik ez zela oraindu beharko. Zelan ukatu super guay garela. Cooltasunean saririk badago guk irabaziko dugu. Hori bai, hirian bizi eta autoa kale gorrian uzteagatik hamabi hilabete ordaintzen dugunontzat gupidarik ez. Erdu, laztanok, erruz erdu, hiriratzeko behar diren erraztasun denak eta gehiago emango baitizkizuegu. Gera bedi argi, hau ez da turisten aurkako okamendua. Hauxe da erabaki oker baten aurreko ernegua. Bakarra nintzelakoan jan egin ditut autoa ezin uzteak eta ordu batetik gora leku ziztrin baten bila ibiltzeak eragindako haserremenduak. Baina, hara, ez naiz bakarra. Abuztua hirian eman dutenek arazo berbera izan dute.

Udako zenbait egun eman ditut kostaldeko herri batean. Hor hartutako erabakiak erabat ezberdinak izan dira. Herritarrek autoa kalean uzteko arazorik ez dute izan, bai, berriz, kanpotik gindoazenok. Herriaren kanpoaldean aparkaleku handiak eraiki zituzten, kotxeak kanpoan aparkatzeko. Autoekin arazoa daukagu. Bai. Ez dugu autorik hirian nahi, baina autoen salmentak gora egin dezan nahi dugu. Garraio publikoaren aldeko aldarria egiten da, baina bitartean garraio publikoarekin ailegatzea ezinezkoak diren makro salmenta guneak eraikitzen ditugu. Autoa maldizioa da, baina hori beste eztabaida bat da, beste zutabe bat. Kontua da toki batzuetan turistak maiteago dituztela bertako hiritarrak baino. Turista gisa kanpora noanean sentitzen ez dudan Mistermarshalismo antzeko zerbait sentitzen dut berton batzuetan. Eta zer nahi duzu esatea, maitatua sentitu nahi nuke, esaterako, lan jardun luzearen ostean autoarekin etxeratzen naizenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.