maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Erritmoak

2018ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Irunberritik Oibarrera hamabost minutu eskas daude autoan. Guk, ordea, sei orduan egin genuen bidea lehengoan. Ez oinez egin genuelako bakarrik: 1.300 ardi bagenituen gibelean, Abodiko mendilerrotik Bardearaino urtero egiten duten zaraitzuarren bidea ibiltzen. Orotara, zazpi egun eta sei gau pasatzen dituzte Pirinioetako mendi gainetik Nafarroa hegoaldeko zelaietara bidea egiteko, udaren bukaeran. Eta udaberrian, berriz, kontrako bidea, Bardeatik mendi aldera, eguraldi eta bazka egoki bila.

Gizaki mendizaleok agudoago eginen genuke bidea berez, dudarik gabe. Baina abelbidea ez baita gure pausoan ibiltze hutsa: abiatzen dira ardiak, eta edozein belardi bazterretan gelditzen dira alhan; gero berriro segitu, eta artzainak agintzen die aitzinatuenei gelditzeko, denak taldean joan eta gibelekoak bazterretan gal ez daitezen. Errepiderik suertatuz gero, hura moztu, eta zain egonarazten dituzte autoak artalde guzia pasatu arte. Eta horrela, tipi-tapa, eguerdia edo arratsa ailegatzen den arte.

Berdin baita ordutegiarekin: izebak erranik goizeko seietarako joanak ginen gu badaezpada Irunberriko bordara, baina jada beranduago argitzen duenez, 06:30ak arte ez ziren mugitu aziendak, eta 12:00etarako berriz geldi, beroak jota. Orduan egin genuen guk bazkaltzeko partea. Eta 15:30erako berriro mugitu, ilunabarrera arte.

Ezinago esperientzia polita izan da Pirinioetako transhumantzia bertatik bertara ezagutzea, eta eman digu zer pentsatua gure bizitza estresatu eta maiz denboraren orratzen kontrakoaz. Ardiek euren erritmoa baitute abelbidean, eta hari segitzen dio artzainak. Eta, halabeharrez, artzainarekin doazen guztiek ere bai. Deus ez dago horren gainetik.

Ez dut erraten herri eta hirietan bizi garenok ere animalien erritmora aldatu behar dugunik. Baina ez genuke guti eginen, gu ere animaliak garen aldetik, gurea errespetatuko bagenu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.